«Gure laborantzak bere geroaz erabaki ahal izateko tresnak behar ditu». Euskal Herriko Laborantza Ganberak bere «izena eta izanaren» bidez aldarrikatzen duena berretsi zuen elkarteko lehendakari Mixel Berhokoirigoinek atzo Ainize-Monjolosen (Nafarroa Beherea). Han egin zituzten urteroko biltzar nagusia eta seigarren urte muga ospatzeko besta.
Orokorki Euskal Herrian dagoen testuinguru politikoan kokatu zuen mezua. Lurralde erreformak Euskal Herria «biluzirik» uzten duela oroitarazirik, azaldu zuen «herri honi geroaz jabetzeko gaitasuna eman behar zaiola».
«Konfiantzarekin» begiratzen dute geroa, «benetako eragile izateko aukera guztiak» dituztelako, betiere lehendakariaren hitzetan. Egia da duela urte bat baino lasaiago zirela atzo elkarteko kideak. Iazko maiatzean Paueko dei auzitegiak elkartea eta lehendakaria errugabe zirela berretsi zuelako. Oroit gara 2005eko ekainaren 8an jarri zuela salaketa Pirinio Atlantikoetako prefetak, elkartearen izenak eta izaerak Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberarekin «nahasmena» sortzen zuela argudiatuta.
Hots, bost urte iraun duen auzibidea bukatu zen orain duela urte erdi bat. Hala eta guztiz ere, badakite «traba» guztiak ez direla oraindik baztertuak. EHLGri diru laguntza emateagatik Senpereko (Lapurdi) herriko etxearen aurka pausatu auzia dute gogoan. «Azken putarrak» izatea espero dute guztiek.
Hamaika proiektu abiaturik
Jende multzo polita hurbildu zen Nafarroa Behereko herrixkara, biltzarraren gela bete-betea izan arte. Laborari zein hiritar, gazte zein zahar, guztiek gomitari erantzun zioten. Hautetsiak ere han izan ziren, besteak beste, Frantxua Maitia (PS), Alice Leiziagezahar (Europe Ecologie), Jean Jacques Lasserre (zentrista) Akitaniako kontseilariak eta bertako auzapez eta hautetsiak.
Egitasmo anitz dauzka elkarteak, eta haien gauzatzen dabil hamar bat langileri esker. Laborantza politiken jarraipena dute lan ardatz nagusietariko bat. Funtsean Europako Batasunak Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) proposatzen duela eta, «herriak eta etxaldeak bizirik atxikitzeko bide bakarra» laborantza herrikoia eta iraunkorra dela berretsi dute.
Laborantza mota hori sustatzea da elkartearen helburua, eta horren harira eraman lanak aurkeztu zituen Maryse Cachenaut lehendakari ordeak. Etxaldeen transmisioa eta gazteen instalazioa laguntzen dabiltza. Beti laborantza proiektu ahal bezain ekonomiko eta autonomoenak sustatuz. Laborantzaz gain orokorki tokiko garapena du xede elkarteak. Hori dela-eta uraren kudeaketa, laborantza lurren kudeaketa eta sor-marken inguruan dauzkate hainbat proiektu.
Iaz 538.750 euroko aurrekontua ukan zuten egitasmoen gauzatzeko. Aitzineko aldian baino kasik 40.000 euro gehiago. Francis Poineau diruzainak zehaztu duenez, auzian irabazi ukanik diru iturri batzuk errazkiago agertu zaizkie. 84.000 euro inguruko laguntza publikoak eskuratu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegotik banatu laguntza da ahuldu.
216.450 euro lortu dituzte herritarren laguntzari esker, hots, aurrekontuaren %40. Elkartearen geroarentzat diru iturri hori «ezinbestekoa» dela oroitarazi zuen Patxi Noblia EHLGren Lagunak elkarteko lehendakariak. Urtez urte laguntzaileen kopurua emendatuz joan bada, iaz txikitu zen. 970 herritarrek lagundu zuten, 2009an 1.136k egin zutela eskaintza. Emaitza positiboarekin bukatu dute urtea.
Laborantzaren behatokia
Ipar Euskal Herriko laborantzaren behatokia sortu dute. Ikusiz lurraldean laborantzak duen «garrantzia», sektoreari buruzko analisi zehatzak ematea «ezinbestekoa» zaie, eta horretan dabiltza. Jakinik hiru lurraldeei buruzko zifrarik ez dela, diren bakarrak Pirineo Atlantikoen departamendu mailakoak izaki. Bai laborariarentzat, bai laborantza politika ezberdinak «ulertzeko» eta «argudiatzeko» balioko dutela diote.
Biltzar nagusia bukaturik, dokumentu eta mikrofonoak alde batera utzi, eta trikitia eta zintzur bustitzearekin jarraitu zuen egunak. Bazkari eta dantzaldi, gau erdia arte iraun zuen bestak.
Geroaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute EHLGren bileran
Urteroko biltzarra eta elkartearen seigarren urtemuga besta egin dituzte; auzia irabazita, geroari begira «itxaropentsu» agertu diraIpar Euskal Herriko laborantzaren behatokia sortu du elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu