Itsasoan jaso du Europako Batasunaren erabakiaren berri Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak. Bar-batean, kuotak igotzea albiste ona dela iruditzen zaio. Alabaina, prezioengatik kezkatuta jarraitzen dute arrantzaleek. Aurtengo kanpainan, ez dutela zegokien guztia arrantzatu gogoratu du, prezioakikusita, ez zelako errentagarria.
Antxoa kuotan 29.700 tonara igotzea erabaki du Europako Batasunak. Zer iruditu zaizue neurria?
Guretzat albiste ona da, antxoaren biomasa ondo dagoela erakusten duelako, eta antxoa lehengoratu egin dela esan nahi duelako horrek. Dena den, gure arazo nagusia prezioa da. Berriro ere merkatuetan sartu eta salneurriak igotzea lortu behar dugu.
Aurten bi euro inguru jaso dituzue kiloko. Zer egin behar litzateke salneurriak igotzeko?
Antxoa asko ekarri da kanpotik,eta horrek min handia egin digu. Orain gure erronka nagusia da geure antxoarekin galdutako merkatu hori berreskuratzea. Kontserba enpresek gure antxoekin lan egin eta gero igoko lirateke prezioak. Baina kanpoko antxoa oso merke ekartzen da, eta lehia handia egiten digu.
Datorren urtean dagokizuen kuota guztia gastatuko duzuela uste duzu?
Ez dakit. Erregulatu egin behar izaten dugu arrantza, prezioak eta daukagun merkatuaren egoera ikusita. Aurten ez gara iritsi zegokigun kuotara,gutxiago harrapatu dugu. Dena den, gastatu edo ez, albiste ona da kuotak igo izana, kilo asko direlako, eta jokoa ematen dutelako.
2005etik 2009era bitartean ezin izan duzue antxoarik harrapatu Bizkaiko Golkoan. Merezi izan du geldialdiak?
Guretzat oso gogorra izan da. Hala ere, uste dut egin beharreko gauza zela. Momentu hartan oso gaizki zegoen biomasa, eta ez zegoen beste aukerarik. Geratu egin behar zen. Kontua da uste baino denbora gehiago egon behar izan genuela arrantzatu gabe. Orain atzera begiratzea alferrik da, aurrera begiratu behar dugu: antxoa badago, eta ea etekina ateratzea lortzen dugun.
Eugenio Elduaien. Gipuzkoako Kofradien Elkarteko presidentea
«Geure antxoarekin merkatua berreskuratu behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu