EGITURA

Gidoi errepikatua

Enpresa itxierak, kaleratzeak, murrizketak, eskubideak mugatzen dituzten erreformak, Merkelen ‘gomendioak’, Rajoyren isiltasunak... Osagai ezagunak utzi ditu 2013ak, eta 2014a hain makurra izango ez den itxaropen txiki bat.

Azpeitiko Corrugadosekoak, martxoan, lantokia itxiko zutela iragarri zutenean. ANDONI CANELLADA
I. A. - J.F. - X.M. - M.G.
2013ko abenduaren 22a
09:20
Entzun

Aurreko urteetako gidoiari jarraitu dio krisiaren seigarrenak. 2008tik ezagun egin diren osagaiak izan ditu 2013ak Euskal Herrian: enpresa barra-barra itxi dituzte, milaka langilek lana galdu dute, gizarte zerbitzuak eta eskubide sozialak murrizten joan dira, eta guztiz lehertzen ez den haserre giroa gehiago hedatu da. Gure mugetatik kanpo ere ohikoak bilakatu diren pertsonaiek (Merkel eta Draghi) eta gaiek (erreskateak eta bankuen batasunak) bete dituzte egunkari eta albistegiak.

A. Atzeraldia

Zenbaki negatibo askoko urtean, barne produktu gordinarenak zapore gazi-gozoa eman du. Urtea oso gaizki hasi zuen ekonomiak: Nafarroa %1,9ko erritmoan uzkurtzen hasi zen, eta %1,7koan Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Urteak aurrera egin ahala atzeraldia indarra galtzen hasi zen, poliki lehenago eta bizkorrago udatik aurrera. Are gehiago, hilabete arteko tasan zerora heldu zen hirugarren hiruhilekoa, Europaren susperraldiak lagunduta. Hazkunde datu positiboak 2014 erditik aurrera espero dituzte.

B. Bilketa

Krisia hasi zenetik behin eta berriro egin dute huts zerga bilketaren aurreikuspenek. Baikorregiak ziren, eta ez betetzeak azken orduan zorra handitzera edo murrizketak egitera behartu zituzten gobernuak. Zuhurtziara jo zuten aurten Jaurlaritzak eta foru aldundiek, eta iragarritako kopurua (%3,7eko igoera) baino  gehiago biltzeko gai izan direnez (%4,7 azarora arte), ustekaberik ez da izan kontuetan. Hori bai, igoera batez ere BEZaren igoerari zor zaio, eta inork ez dizkio Madrilgo gobernuari eskerrak eman...

C. ‘Carry trade’

Bankuen kredituaren iturriak zergatik dago itxita? Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Europako Batzordearen arabera, carry trade fenomenoa da erantzule.  Bankuek nahiago dute sektore pribatuari kredituak ematen arriskatu beharrean EBZtik merke jasotzen duten dirua —%0,25eko interesarekin— Espainiako zorra erosteko erabili, eta, hartara, %4tik gorako interesak poltsikoratu.

D. Diru osagarriak

Urtebetean hiru tokiko diru osagarri sortu dira. Urtarrilean euskoa sortu zuten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako; abenduan ogerlekoa Aiaralderako (Araba) eta urte hasieran  ekhi hasiko da zirkulatzen Bilboko Zazpi Kaleetan. Zirkulu itxi bat sortzen dute erosle eta saltzaileen artean, une oro dirua mugimenduan egon dadin. Bazkide egiten denak euroak diru horiengatik aldatzen ditu, eta diru hori sareko kide diren dendetan erabil dezake.

E. Eroski

Mondragon taldeko kooperatiba handiena urratsak eman ditu azken urteetako galerei eta pilatutako zorrei aurre egiteko. 2.500 milioi euroko zorra berregituratzen ari da bankuekin, eta Espainiako hegoaldeko merkataritza zentroak salgai jarri ditu. Bazkideek birritan erabaki dituzte soldata jaitsierak, eta zuzendaritzaren azken proposamena galeren zati bat (%30) bazkideek euren gain hartzea izan da.

F. Frankfurt

Botere handiagoa pilatuko du EBZk Frankfurteko egoitzan. Euroguneko banku nagusien gainbegiratzaile bakar bihurtuko da 2014tik aurrera. Baina ez denena: 6.000 bankutik 200 baino ez ditu kontrolatuko. Berlinen nahiak nagusitu ziren beste behin: ez zuen nahi EBZk muturra sartzerik Alemaniako lekuko eta landerretako banku eta kutxetan, eta ez du sartuko. Frankfurten zaintzapean geratuko da Kutxabank.

G. Giltzarrapoa

Ez da motza giltzarrapoz behin betiko itxi duten enpresen zerrenda. Deigarrena agian Corrugados izan da, bere tximinia, labe, hauts eta zaratak Azpeitiko paisaiaren parte izan baitira azken hamarkadetan, eta 300 langileren kaleratzea ekarri zuelako. Haren bidea jarraitu dute beste enpresa askok, haien artean Zizurkilgo Perotek, Irurtzungo Inasak, Azpeitiko Azkuek, Zallako Virtisuk, Derioko Magefesak...

H. Harresiak

Itxiera batzuk beste batzuk baino gogorragoak izan dira, itxiera moduagatik bederen. Adibide bat Sondikan gertatu zena da: Ertzaintzak indarrez desjabetu baitzuen Troquenorren lantokia. 120 beharginak lantokian giza harresi bat egitea erabaki zuten, euren lanpostuak defendatzeko, baina  banan-banan atera zituzten. Irurtzunen, berriz, 115 lanpostu defendatzeko giza harresia egin zuten Inasako langileek, baina azkenean Guardia Zibilak babestuta, jabeek lantegia hustu zuten.

I. Inflazioa

Ez zen normala Europa krisi sakonean egonda inflazioa %2tik gora aritzea. Uda honetan hartu du azkenean beheranzko bidea: urrian %0,2an geratu zen Hegoaldean, mailarik txikiena 2009ko hondoratzearen ondoren. Berri ona maileguak itzuli behar dutenentzat edo pentsiodunentzat, arindua soldata jaitsiera jasan dutenentzat... eta arriskutsua EBZrentzat. Prezioen jaitsiera etengabearen beldur (deflazioa), EBZk interes tasak %0,5etik %0,25ra jaitsi zituen, kontsumoa berpiztu eta inflazioa eragiteko.

J. Jaun eta jabe
Kasu honetan jauna emakumea da, eta Angela Merkel du izena. Hura izan da EBko gidaria nagusia, batez ere 2010an Grezian arrakalak agertzen hasi zirenetik. 2013 ez da salbuespena izan, Sarkozy dantzakidea galdu ondoren, zertxobait diskretoago aritu bada ere. Bere erritmoa ezarri du Bruselak eman dituen pauso garrantzitsuenetan. Banku batasunaren eztabaidan bankuen gainbegiratzaile bakarraren ahalmenak mugatu ditu, eta bankuak likidatzeko funtsa urardotu du. Hirugarrenez irabazi ditu kantzilertzarako bozak, baina sozialdemokratekin aliatu behar izan du gobernatzeko. 

K. Kutxabank

Balizko pribatizazioaren atea zabaldu diote. Asteon aurrezki kutxen sistema lurperatuko duen legea onartu du Espainiako Kongresuak. Kutxak banku fundazio bihurtu behar dira, Vital Kutxa, Kutxa eta BBK tartean. Banku fundazioek ezingo dute kontrolatu banku baten jabetzaren %50etik gora. Beraz, BBK Kutxabankeko %57ko partaidetza jaitsi beharko du. Nola? Norbaiti salduta. Zeini? Ikusiko da.

L. Lan istripuak

Azkoitiko Gerdau enpresako langile bat izan da lan istripuan hildako azken behargina 2013an; hil honek 13 zituela gertatu zen. ELAk eta LABek zenbatu dutenez, 33 dira lan istripuetan aurten hildako langileak Euskal Herrian: hamahiru Bizkaian, hamaika Gipuzkoan, bost Nafarroan eta lau Araban. Irail beltzean zazpi langile hil ziren. Beti dira asko, baina aurreko urteotan baino gutxiago dira.

M. Madarikatua

Lan gutxiago egingo du eta gutxiago kobratuko du Gerardo Diaz Ferranek espetxean. Krisitik ateratzeko, herritarrei errezeta sinple bat eman zien: lan gehiago egitea eta gutxiago kobratzea. Artean Espainiako patronaleko buruzagia zela egin zuen gomendioa. Orain, ordea, Soto del Realen preso bat da, ondasunak ostentzea eta kapitalak zuritzeagatik. Lehen sindikatuek madari-
katzen zuten, orain denek.

N. Nokia

Samsumg, Apple eta Googlerekin borrokatu eta galdu ondoren, Nokiak eskegi du sakelakoa. Teknologiaren historiko bat badoa merkatuan ito ondoren, ospetsu egin zuen atala Microsofti  salduta. 5.440 milioi eurotan erosi du erraldoi estatubatuarrak, eta orain softwarea (Windows Phone) eta hardwarea (aparatua) berak egingo du.

O. Ogasuna

Foru ogasunen kutxa publikoak hutsik ikusteaz nekatuta, aldundiak zerga sistema astintzen jarraitzen dute. Astunaldia handiagoa izan zitekeen, baina ekimena zeraman Bildu-PSE bikote gipuzkoarra dantzaren erdian hautsi zen, eta Gipuzkoako Aldundiaren proiektu izarra —sozietateen gaineko lege berria—  hilda jaio zen. Sozialistek erreforma kontuetan erritmo motelagoak nahiago zituen hirukotea osatu zuten EAJ eta PPrekin, eta Itun Fiskala erditu zuten: errenta zerga Gipuzkoako mailara hurbildu eta enpresen kenkari fiskalak zerbait mugatzeko formula. Haren emaitzak ez dira, ordea, 2015era arte ikusiko.

P. Pentsioak
Pentsioen gaiak Euskal Herria batu du 2013an, besterik ez bada aste berdinean erabaki zutelako Espainiako eta Frantziako parlamentuek euskal herritarren pentsioak jaistea. Erreformek ez dute aldaketarik erretiroaren adin ofizialean (67 urterantz Hegoaldean eta 62 urterentzat Iparraldean), baina praktikan ekarriko dute beranduago erretiratzea eta sari txikiagorekin. Iparraldean gehiago kotizatu beharko dute pentsioa oso-osorik jasotzeko, eta erosteko ahalmena soilik urte batzuetara mugatuko dute Hegoaldean.

R. Rajoy
Ostrukarena egin du Espainiako presidenteak 2013an ere. Eta burua lurretik atera duen bakoitzean gezur borobilak edo egia erdiak esateko izan da. Berak ere aitortu du: «Ez ditut nire promesak bete, baina nire eginbidea egin dut». Espainian aurten ez dela lanposturik suntsitu esan zuen azaroan, bere gobernuko datuen arabera urrira bitartean 375.573  lanpostu desagertu baziren ere. Hori bai, iaz gehiengoak saihetsezintzat jotzen zuen Espainiaren erabateko erreskatea saihestu du. Brusela pozik du bankaren erreskatea amaituta, baina hutsaren hurrengoa da EBko goi bileretan. Asteon, esaterako, akreditazioa eskatu diote goi bilerara sartzerakoan. No comment.

S. Sabaia

Thriller bat zirudien, baina fikziozkoan beharrean errealitatean. Mundu guztia airean eduki du AEBetako zorraren sabaiak. Kapitolioak Etxe Zuriari onartutako zorra gainditu ostean automatikoki murrizten da gastu publikoa. Martxoan gertatu zen, eta harrezkero bahiketapean daude (aurten 65.000 milioi euro gutxiago gastatu behar izan dituzte). Urrian hamasei egunez gelditu zuten Gobernu Federalaren jarduna. Abenduan, ordea, bi alderdiek menia partzial bat sinatu zuten: 2014 eta 2015. urteetan 45.600 milioi euro gehiago gastatu ahalko ditu Obamaren gobernuak. 16,4 bilioi dolarreko zor publikoa dute dagoeneko, BPGaren %105.

T. ‘Tax lease’

Hondamendia iragarri zuen uztailean ontzigintzaren sektoreak, Europako Batzordeak ontzien eraikuntza finantzatzeko baliatzen zen tax lease sistema baliogabetu zuenean. Halakorik ez da gertatu, eta aurretik lortutako kontratuak bukatzen aritu dira azkenaldian Euskal Herriko bost ontziolak. Iritsi dira, gainera, lehen kontratuak: Zumaiako Balenciaga ontziolarentzat (sei itsasontzi egingo ditu) eta Pasaia eta Santurtziako Zamakonarentzat (hiru ontzi egingo ditu).

U. Ultraaktibitatea

PPk 2012an onartutako lan erreformari jarraikiz, iraungitako lan itunak —zeuden gehienak— baliogabeturik geratu ziren uztailaren 7an, erreforma indarrean sartu eta urtebetera, idatziak zehazten duen ultraaktibitate epearekin bat. Urtearekin batera agortuko dira beste hainbat, eta horren bestez, lan harremanen desarautzea erabatekoa izango da. Urte askoan lortutako eskubideak di-da batean ezabatu ditu erreformak, eta enpresa ituna lortzen ez dutenek, Espainiako itun kolektiboen baldintza eskasagoekin geratu daitezke, edo okerrago, Langilearen Estatutuarekin baino ez. Itunetan jasotako ultraaktibitate mugagabea —ituna berritzen ez den bitartean azken akordioa indarrean jarraitzen duela— erreformaren arauaren gainetik dagoela diote sindikatuek, eta auzia epaitegietan dago.

V. Volcker

Barack Obamak lortu du Wall Street lotzea, erdizka bada ere. Volcker arauaren bitartez lortu du. Krisiaren iturburua bankuen arriskuarekiko axolagabekeria izan zirela ikusita, aurrerantzean sektorea kontrolatuago izateko erreformak indarrean jartzen saiatu da. Hiru urteko negoziazio  luzeen ondoren onartu zuten abenduan Volcker araua Erreserba Federalak (Fed) eta beste lau agentzia federalek. Paul Volcker Fed-eko buru ohiaren izena daraman legeak, funtsean, bankuei bere bezeroen gordailuekin jokoan aritzea debekatzen die.

W. Wattak

Kontsumoa jaisteak prezioen jaitsiera ekarri ohi du gehienean, ez da halakorik gertatzen ari, ordea, argindar wattekin. Kontsumoa 2005eko mailan egon arren, prezioa %60 baino garestiago dago.  Espainiako Gobernuak argindar erreforma onartu du, eta kontsumitzaile, ekoizle, berriztagarrietako enpresa nahiz banakako inbertsoreak, guztiak haserretzea, besterik ez du lortu.

X. Xanpaina

Austeritatearen pilulak funtzionatu egiten duela esan eta esan aritu da EB, eta azkenean badauka lelo hori betetzeko mamia: abenduaren 15ean, Irlanda erreskate programatik atera zen. Xanpaina ateratzeko arrazoiak bazituen Enda Kennyren gobernuak, troikaren azterketa gogorrak jasateari utzi eta hainbeste kostatutako independentziaren zati bat berreskuratu duelako Irlandako herri apalduak. Baina kopa goraino betetzerik ez du izan Kennyk, Tigre Zeltaren argaltze dieta ez delako bukatu. 

Y. Yellen

2013koa baino, 2014tik aurreragoko pertsonaia izango da Janet Yellen, urtarrilaren 31era arte ez baitu hartuko AEBetako Erreserba Federaleko gidaritza. Krisia hasi zenetik Ben Bernankek hartutako bide pragmatikoa jarraituko duela espero da, eta ez duela arazorik izango ekonomia sustatzeko horren beharra baldin badu. EBZk urrun jarraituko du.

Z. Zipre

Latinoamerikarra zirudien hitza ekarri zuen eurogunera Zipreren erreskateak: corralito-a. Martxoan lehertu egin zen gehiegi puztutako banka sektorea —BPGren   %745eko aktiboak zituzten—. Bruselaren erreskatea inoiz baino gogorragoa izan zen: ia bi astez itxi zituzten bankuak, 100.000tik gorako gordailuek %47,5 galdu zuten —hasieran 100.000tik beherako gordailuei ere zerga bat jartzea onartu zuen Bruselak—, bi banku handienak desegin zituzten, eta 23.000 milioi euroko erreskatea iritsi zen. Baina 10.000 euro baino ez ditu jarriko troikak, gainontzeko milioiak Nikosia ari da jartzen kaleratze eta murrizketa gogorren bidez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.