EKONOMIA

Gipuzkoak 21 miloi euroko zuloa du Etorlurrengatik

Neurriak hartu eta gero, sozietate publikoak kiebra saihestuko du, "baina azken urteetan eragindako zorra erreala da eta gipuzkoar guztiena", Mikel Errazkin Lurralde antolaketako diputatuak esan duenez.

xabier martin
2013ko irailaren 23a
19:08
Entzun

Etorlur, Gipuzkoako Foru Aldundiko sozietate publikoa, "ez dago likidazio egoeran" bere zorra —21 millioi eurokoa den arren—  ez delako porrotera eramateko adinakoa duen kapitalarekiko, «eta azken hilabeteetan hartu diren neurriei esker» egoera zuzendu egin delako maila batean. Baina aurreko agintaldietan —Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta Markel Olanoren urteetan— jarduera ekonomikoa eta etxebizitza babestuak kudeatzeko diputazioaren sozietate publikoak 21 milioi euroko zorra pilatu duela berretsi du Mikel Errazkin Lurralde antolaketako diputatuak batzar nagusietan.

PPk eskatuta egin du agerraldia Errazkinek Etorlurren egungo egoera azaltzeko, maiatzean %100ean aldundiarena den sozietatearen egoera salatu eta gero. Aurreko urteetako "operazio espekulatzaileak" azaldu ditu Errazkinek, eta talde gehienek "eskandalagarritzat" jo dituzte 2006an egindako hainbat operazio. EAJk ez; Xabier Ezeizabarrena batzarkideak esan duenez, "Bildu aurreko gobernuen oposizioan ari da" gobernatu beharrean.

Maiatzean azaldu zuen bezala, Errazkin diputatuak AMR enpresari Hernaniko Florida auzoan erositako lursail baten operazioa jarri du miran,  Etorlurren zor izugarria azaltzeko. EAJren gobernupean 28,5 milioi pagatu ziren lur horiek, «baina balio hori ez zen zuzena, eta tasazio independente bat egin ondoren argi geratu da 16 milioi euroko desoreka dagoela». Zulo hori beste hainbat operaziorekin handitu dela azaldu du diputatuak, Hernaniko Orbegozoko zaharberritzean eta Azpeitiko (Nuarbe) beste batean adibidez. Guztira, 21 milioi euroko zorra pilatu da.

"Hau guztia ulertzeko tasazioa ez egitea da gakoa. Aldundiak ezingo luke operazio hau egin tasazioa egin gabe; denok dakigulako hori zer izango litzatekeen eta ez dagoela legearen barruan. Eta azkenean sozietate publiko baten bidez egin zen, nik ez badut halakorik ezagutu beste inon. Zergatik ez zen egin tasazioa? Itxura batean erantzukizunak hartzeko asmorik ez duten beste batzuek erantzun behar dute".

Hau ez da Kuba ez Venezuela

EAJko kide Xabier Ezeizabarrenari egokitu zaio erantzutea. "Horrelako operazioak ohikoak" direla esan du, Bilduk ere egiten dituela «praktika horiek» gobernatzen duen lekuetan. "Arazoa da Bilduk ez duela sinesten merkatuan, baina hau ez da Kuba, Venezuela edota Ipar Korea". Ezeizabarrenak "marketin salmenta" egitea egotzi dio Errazkini Etorlur "likidazio egoeran" zegoela esan zuelako maiatzean; "orain, berriz, aurrera egingo duela esan digu diputatuak". Aurreko gobernuen "oposizioan" ari da Bildu EAJko kidearen ustez.

Etorlur ez dela berriro "operazio espekulatzaileak egiteko sozietatea" izango azaldu du Errazkinek.  Herri txikientzako laguntza emateko erakundea bihurtu dutela esan du, langileen erdiarekin ari dela, egoitza utzi eta alokatu dutela, eta Aldundiaren Benta Berriko egoitzan dagoela orain. Eta azkenik, saldu gabeko etxebizitza gehienak alokatu dituztela zorra zuzentzen hasteko. "Neurri horiek hartzea da gobernatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.