Guztira, 857 milioi gastatuko ditu Gipuzkoako Aldundiak datorren urtean, 2017an baino 18,6 milioi gehiago. Igoera "zuhurra" dela onartu du Markel Olano ahaldun nagusiak, "beleidaderik gabekoa". Urte batzuk daramatzate aurrekontuak hazten, baina krisi aurreko kopuruetatik edo hamarkadaren hasierakoetatik oso urrun jarraitzen dute. 2010. urtean, esaterako, 913 milioi izan ziren, eta 860 milioi, berriz, 2011. urtean.
Diruaren ia erdia gastu sozialetara bideratuko dutela nabarmendu du Olanok. Zehazki, %47,48 joango da horretara, edo 525 euro gipuzkoar bakoitzeko. Aurtengo aurrekontu proiektuan, berriz, %46,6 izan ziren.
Olanoren gobernuaren beste apustuetako bat sustapen ekonomikoa izan da. Aurten bezala, datorren urtean ere 50 milioi euro jarriko ditu atal horretarako. "Gipuzkoa eraikiz" programako proiektu estrategikoak bultzatzeko, berriz, 10,4 milioi izango dira.
EIBren mailegua, aldundiaren kargu
Aurrekontua gehien handituko duen saila Ogasunarena izango da, %25 hain zuzen ere. Kopuru osoetan, 11 milioi izango dira, baina horietatik bi milioi baizik ez doaz politika propio batera; kasu honetan, iruzurraren aurkako politika sendotzera. Gainontzeko bederatzi milioien bitartez aldundiak bere gain hartuko du EIB Europako Inbertsio Bankuak errauste planta egiteko emandako mailegua (zazpi milioi), erakunde horrek atal hori utzi nahi du eta.
Nabarmen egingo du behera, berriz, bide azpiegituren atalak, %17 gutxiago izango baitu gastatzeko. Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak azaldu duenez, hori horrela da Bidegik "nahiko gaitasun baduelako" bere baliabideekin Antzuola-Bergara errepidea amaitzeko, "kapital handitzerik gabe".
Olanoren gobernuak bere aurrekontuaren %7,3 erabiliko du zorrak eta interesak ordaintzeko. Helburua da datorren urtean erakundearen zorra beste 16 milioi jaistea.