Zerga bilketa

Gipuzkoak 24 milioi euro gehiago bildu ditu errenta kanpainan

2016an hazi egin zen aitorpen kopurua, 2011tik lehenengo aldiz.

Jokin Perona eta Jabier Larrañaga, Donostian. GORKA RUBIO
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 24a
07:17
Entzun

"Aurreko urtea ona izan bazen, aurtengoa hobea izan da". Haizea alde duela erakutsi du Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Ogasuneko diputatuak 2016ko errenta aitorpeneko emaitzen aurkezpenean. Gipuzkoak, guztira, 52 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi du iazko errenta kanpaina; 2015ean baino 24 milioi euro gehiago bildu ditu, beraz.

Foru Ogasunak 217 milioi euro jaso ditu, eta 269 milioi itzuli; hortik 52 milioiko emaitza negatiboa. 2015eko kanpainan baino 24 milioi gehiago bildu izanaren atzean, bestalde, honako faktore hauek daude: batetik, ogasunak bederatzi milioi euro gutxiago itzuli ditu aurtengoan; eta, bestetik, 15 milioi gehiago jaso ditu errenta zergen bidez.

Jokin Perona Ogasuneko zuzendariak, hain zuzen, nabarmendu du hazi egin dela aitorpen kopurua, 2011. urtetik lehenengo aldiz. Izan ere, lau urtez jarraian beherako joaera izan du, orain arte. Joera iraultzearen atzean bi arrazoi ikusten ditu Larrañagak: "2016an enpleguak eta soldatek izandako hazkundearen isla da emaitza, eta susperraldi ekonomikoaren adierazle da hau guztia".

Foru Ogasuneko diputatuak esker oneko hitzak izan ditu herritarrentzat, gogora ekarriz zergen ordainketari esker mantentzen dela ongizate maila. "PFEZ pertsona fisikoen errenta zerga eta gainerako zergen bilketari esker, gure egunerokoan eragiten diguten zerbitzu publikoak finantzatzen ditugu: hasi egunero igarotzen garen errepidetik, segi gure seme-alabek egiten duten eskola kirolarekin, eta gure aitona-amonek jasotzen dituzten mendekotasun laguntzetaraino".

Fortuna hadien zerga, egonkor

Aberastasunaren eta fortuna handien zerga ez da errenta zerga bezainbeste igo. "Egonkortu" egin dela nabarmendu dute: 64,4 milioi eurokoa izan da bilketa, aurreko urtean baino 70.000 euro gehiago. Guztira, 7.517 aitorpen aurkeztu dira, eta 8561 euro izan da, batez beste, ordaindu dutena. Beraz, hazi egin da aitorpen kopurua, baina murriztu ogasunari ordaindu beharrekoa.

Larrañagak azpimarratu du Gipuzkoa, dagoeneko, krisi garaiko mailan dagoela: izan ere, 2017rako bilketa aurreikuspena 2007ko helburua baino handiagoa da.

Azkenik, aitortu du Xey eta Edesa Industrial bezalako egoera larrian dauden enpresen kasuek "eragin negatiboa" izan dezaketela 2017ko errenta kanpainan, langile askoren lanpostuak daudelako jokoan horietan. "Datu negoatiboak dira enpresa horienak, zalantzarik gabe; baina ekonomiaren jardueraren bilakaera ikusi beharko dugu", adierazi du. Ekonomia "gizartearen motorra" dela nabarmendu du Larrañagak, eta azaldu du ekonomia indartsua izateak ahalbidetu duela "kalitatezko enplegua" sortzea; eta horrek, zergen bitartez, ongizate mailari eustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.