Gipuzkoak 75 milioi euro gehiago espero ditu zerga erreformari esker

50 milioi euro bilduko lituzke PFEZaren aldaketekin, eta 25 milioi euro ondare zerga berriro indarrean jarrita

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak 75 milioi euro inguru gehiago bilduko ditu datorren urtean zergen bidez, planteatu duen zerga politikaren erreforma aurrera ateratzen bada. Bere kalkuluek diote 50 milioi euro gehiago bilduko dituela pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) egindako aldaketekin, eta 25 milioi euro gehiago ondarearen gaineko zerga berreskuratuta.

Helena Franco Ogasun diputatuak atzo argi utzi nahi izan zuen planteatzen duten aldaketa benetako zerga erreformaren «lehen urratsa» baino ez dela. Aldaketak txikiak eta xumeak direla, «baina esanguratsuak».

Egoerak eta denborak behartutakoak dira. Egoerak, gastuak murriztea bakarrik ez delako, ez nahikoa, ez bidezkoa: «Herritarrek ez dute ulertuko murrizketak egitea, diru sarreretan aldaketak planteatu gabe». Denborak behartuta ere bai, urte amaierarako onartu behar baitituzte aldaketak.

Baina zerga erreforma, Francoren arabera, ez da egoeraren araberako aldaketa bakarrik, baita diru sarreretan ildo propioa ezartzeko eta etorkizuneko aurrekontuei oinarri sendoagoa eskaintzeko aukera ere. Datorren urterako utzi dituzte aldaketa potoloagoak: ondarearen gaineko zergaren eta sozietate zergaren azterketa sakonagoak.

Zerga politika aldatzeko proposamenaren xehetasunak aurkeztu zituzten atzo Martin Garitano diputatu nagusiak, Helena Francok eta Itziar Miner Zerga Politikako zuzendariak.

Diputazioak, funtsean, zergak bateratu nahi ditu, diru sarrerak berdin tratatu nahi ditu, haien jatorria edozein izanda ere. Gaur egun lan errentek kapital errentek baino gehiago ordaintzen dute.

Eta itxi egin nahi ditu legeak zergak saihesteko eskaintzen dituen zirrikituak. Nagusia, Minerren esanetan, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetara egindako ekarpenak dira: «Erretirorako aurrezteko baino, zerga gutxiago ordaintzeko erabiltzen dira». Diputazioak desgrabatu ahal izango den gehienezko kopurua 5.000 eurora mugatu nahi du —gaur egun 48.500 eurora ere irits daiteke—. Neurri horrekin espero du diru gehien biltzea: 35 milioi euro. Herritar gehienei eragin gabe, batez besteko ekarpena 2.352 eurokoa baita.

Proposamen irekia

Proposamena ez da itxia. Diputazioa prest dago eragileekin eta alderdiekin negoziatzeko. Egin behar du, Batzar Nagusietan aurrera ateratzeko. Nolabaiteko akordioa badu, «termino filosofikoetan», PSE-EErekin eta Aralarrekin.

Gainerako diputazioekin lan egiteko prest dago, baina Gipuzkoakoak zerga politika propioa egiteko eskubidea aldarrikatu du. «Proposamen berria egiten duena al da desarmonizatzen dena?», galdetu zuen Minerrek, Arabakoaren eta Bizkaikoaren jarrera itxia ikusita. «Hala bada», erantzun zuen, «ez dago proposamen berrientzako aukerarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.