EAEko Kutxen Legearen korapiloetako bat askatu da, baina Kutxabanki buruzko interesen, araudien eta interpretazioen katramilak askatu gabe jarraitzen du. EAEko Arbitratze Batzordeak bertan behera utzi du Bizkaiko Foru Aldundiak EAEko Kutxen lege proiektuaren aurka aurkeztutako helegitea, eta aurrera jarraituko du Eusko Legebiltzarrean.
Lege proiektuak Batzar Nagusien esku uzten du kutxen batzar orokorretan lurraldeen ordezkariak izendatzea. Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea aurkeztu zuen, uste zuelako Batzar Nagusiek erabaki behar zutela ea ordezkaritza zehaztea beraiei edo beste erakunderen bati dagokion. Arbitratze Batzordeak erabaki du Kutxen Lege proiektuak ez dituela urratzen lurraldeen eskuduntzak, kutxen eskuduntza Eusko Jaurlaritzarena delako.
Aurrera egingo du, beraz, lege proiektuak. Aldatu egin nahi du kutxen batzar orokorren osaketa: diru ezarleei, indar gehiago eman; foru aldundiei eta udalei, kendu; eta bestelako erakundeei, eman (Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra, gizarte ekintzako erakundeak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, merkataritza ganberak eta kontsumitzaileen elkarteak). PSE-EEk eta PPk hitzartu zuten Kutxen Lege proiektuaren testua. Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak onartu du legearen helburuetako bat «EAJren gehiegizko ordezkaritza» mugatzea dela.
Legearen edukiez gain, garrantzitsua izango da noiz onartuko duten. Kutxek batzar orokorren erdiak berritu behar dituzte, BBK-k eta Vitalek martxoan, eta Kutxak apirilean. Kutxen lege proiektua data horiek baino lehen onartzen bada, batzar nagusiak osorik aldatu beharko dituzte; geroago onartzen bada, berriz, erdiak.
Berez, lege proiektuak dio kutxetako batzar orokorrak berritzen direnean aldaketek isla izan behar dutela Kutxabanken administrazio kontseiluan ere: kutxetako batzar orokorrek hautatzen dituzte kutxetako administrazio kontseiluak, eta kutxetako administrazio kontseiluek Kutxabankeko administrazio kontseiluko ordezkariak. Dena den, EAJk eta PPk —legea PSE-EErekin hitzartu zuen— uste dute legea onartzeak ez duela aldatuko Kutxabankeko administrazio kontseilua.
Legeak mesede nabarmena egingo lioke Bilduri, kutxetako batzar orokorrak berritzen direnean islatu egin beharko dituztelako iazko udal eta foru hauteskundeetako Bilduren emaitzak.EAJk eta PPk, berriz, banatu dituzte Kutxabankeko administrazio kontseiluko hamabost ordezkariak —35era murriztea erabaki zuten—.
Diputazioaren babesik ez
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak atzo esan zuen erakundeak «bere esku dagoen guztia» egingo duela, Kutxabanken egungo administrazio kontseiluak «ahalik eta gutxien irauteko». Foru Aldundiko zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira ea legezkoa den Kutxabankeko administrazio kontseiluko kideak gutxitzea eta Gipuzkoak ordezkariak galtzea. «Larria» eta «eskandalagarria» dela esan zuen Garitanok. Neurri hori onartu ostean, Kutxako zuzendaritzako kideek «Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa galdu dute».
Diputatu nagusiak uste du EAJk eta PPk bizkarra eman diotela ordezkaritza politiko eta instituzional zabal bati eta gizartearen aniztasunari. «EAJk ezin du inposatu gehiengo absolutua, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala bakarrik edukita», salatu zuen Garitanok. Kutxabanken sorrerako «espiritua» berreskuratzeko eskatu zuen.
PSE-EE gustura dago, Arbitratze Batzordeak arrazoi eman diolako Jaurlaritzari. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EAJk erabakia onartu egin dute.
Gipuzkoak ahal duen guztia egingo du Kutxabankeko agintea aldatzeko
Arbitratze Batzordeak atzera bota du Bizkaiaren helegitea, eta Kutxen lege proiektuak aurrera egingo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu