Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Departamenduak aurten zergetan beste ehun milioi euro jasoko dituela aurreikusi du, iazko urte bukaeran egindako zerga aldaketei esker. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren egokitzapenaren bidez bilduko du ehun miloi horietatik diru gehien —kasu, oinarri orokorrean zati berriak jarri ditu—: 69 milioi.
Helena Franco (Bildu) Ogasun diputatuak esan du PFEZ arloko aldaketak klase altu eta ertainei eragingo diela batik bat. Urtean hamar mila eurotik behera irabazten dutenentzako igoera euro batekoa da —79.076 lagun dira horiek—.
Ondasunaren zergaren bidez beste 29 milioi euro jasoko ditu Aldundiak. 5.239 lagunei eragingo die zerga hori berriro martxan jartzeak.
Diputatuak azaldu du Bilduk, PSEk eta Aralarrek onartutako zerga aldaketek "egiturazko aldaketa" bilatzen dutela, "fiskalitate justuagoa lortzeko". Itziar Agirre EAJko batzarkideak esan dio horrekin "jarduera ekonomikoa sustatu" behar dela.
Diputazioak sozietateen zerga "goitik behera" aldatu nahi duela ere iragarri du. Besteak beste, kenkariak "salbuespena" izatea nahi du.