Gipuzkoak laguntzak onartu ditu enpresak erreskatatzeko

Diputazioak 100 milioi euroko plana aurkeztu du 2010ean krisiari aurre egiteko, baina negoziatu egin behar du

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Gipuzkoako enpresa handiek, behar izanez gero, diru publikoz lagundutako erreskate planak izango dituzte. Diputazioko Gobernu Kontseiluak atzo hamabi milioi euroko saila onartu zuen datorren urterako, baina diru premia handiagoa izanez gero, gehiago ere jartzeko prest dago. Laguntza hori jaso ahal izango dute egoera larrian dauden enpresa handiek. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gehiago zehaztu zuen zer den enpresa handia: «Gipuzkoako ekonomiaren oinarri direnak, berentzako lanean enpresa txiki eta ertain ugari dituztenak».

Gipuzkoako Diputazioko Gobernu Kontseiluak atzo onartu eta aurkeztu zuen krisiari aurre egiteko 2010. urterako plana, ehun milioi eurokoa. Markel Olanoren arabera, lehentasunak ezarri dituzte. Funtsean, industriari, enpresei, laguntzea. «Industria eta enpresak dira Gipuzkoan aberastasuna sortzen duten eragile garrantzitsuenak», esan zuen Olanok. «Gipuzkoako ongizatearen arima eta motorra dira, eta babesa eskaini behar diegu krisiari buelta emateko».

Hala ere, plana 2010eko aurrekontuetan txertatu nahi dutenez, oposizioko alderdiekin negoziatu beharko dute, gobernuko alderdiek ez baitute beharrezko babesik aurrekontuak onartzeko.

Lanean hasteko laguntzak

Planak hamasei neurri ditu guztira, tartean enpresen salbamendu planena. Neurrietakoasko lehendik onartutako azpiegiturak eta programak dira, baina datorren urtean azkartu edo sendotu egin nahi dituzte. Azpiegituretan gastatu nahi dute diru gehien: 31 milioi euro Antzuola eta Urretxu arteko errepide berria egiteko. Bergara eta Urretxu arteko errepidearen zatia da eta lanak aurreratu egin nahi dituzte.

Neurrietako asko lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenentzat dira: gizarte bazterketa arriskuan daudenentzat edo gazteentzat, esaterako. Prestatzeko, enpresak sortzeko edo lana lortzeko. Enpresei laguntzak emango dizkiete langabezian dauden gazteak -35 urtetik beherakoak- kontratatzeagatik, gutxienez urtebeterako. Kontratuek gazteen gaitasun profesionalera egokitu behar dute.

Planak kritikak eragin zituen aurkezpen egunean bertan. Aralarrek uste du plana ez dela nahikoa eta ez duela oinarri sendorik. «Ez da krisiaren kontrako plana, lehendik hartutako neurri batzuen bizkortzea baizik», salatu zuen Rebeka Ubera Aralarren Batzar Nagusietako bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.