Gipuzkoak lehen aldiz ikuskatuko ditu enpresak sustatzeko elkarteak

Iruzurraren aurkako plan berria iragarri du martxorako; aurrekoarekin 321 milioi atzeman ditu

Helena Franco Ogasun diputatua, agerraldi batean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
Donostia
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Rafael Nadal tenislariaren auziak bide berria zabaltzekotan dago iruzur fiskalaren aurkako borrokan. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, enpresak sustatzeko elkarteak ikuskatuko dituzte, zerga iruzurra egiteko tresna gisa baliatu ote dituzten jakiteko. Hori izango da martxoan aldundiak zerga iruzurraren aurka egiteko aurkeztuko duen sistemaren neurrietako bat. Aurreko foru gobernuaren politikei jarraituta, 2011n 312 milioi euroko zorra azaleratu du zerga iruzurraren aurkako borrokak, 2010ean baino bost milioi gutxiago.

Rebeka Ubera Aralarko batzarkidearen galdera bati erantzunez, aldundiko Ogasuneko arduradunek aipatu dute 2011 arte ez direla ikuskatu enpresak sustatzeko elkarteak. Hala ere, Bildu boterera iristeak eragin du aldaketarik esparru horretan. Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak azaldu duenez, udaz geroztik izaera horretako 30 sozietatek utzi dute erregimen berezi hori.

Haien artean dago Nadal tenislariarena. Hainbat urtez, Nadalek Donostian espresuki sortutako sozietate batzuetara bideratu du iragarkien edo bere irudia ustiatzeko beste modu batzuen bidez lortutako diruaren zati bat. Enpresak sustatzeko sozietateen erregimen bereziari esker, oso zerga gutxi pagatu ditu: Aspemir izenekoak, 2010ean 19,8 milioi irabazi arren, 10.319 euroren zergak baizik ez zituen ordaindu. Espainiako Ogasunak, ostera, Nadal harrapatu du, eta irabazi guztiak Balear Uharteetako bere bizilekuan deklaratzera eta zorrak kitatzera behartu zuen joan den abenduan. Tenislariaren ordezkariek ez dute zehaztu zenbat pagatu duten.

Irungo Ogasuneko eskandaluaren harira, Gipuzkoako Batzar Nagusiek gomendatu zuten enpresak sustatzeko elkarteak desagertzea, baina ez da halakorik gertatu. Itziar Agirre EAJko batzarkideak ziurtatu duenez, aurreko aldundiak elkarte horien egoera aztertu zuen, eta iruzur fiskalaren aurka borrokatu zen.

Ez du ondorio hori atera Aralarrek. «Aurreko gobernuek adarra jo digutela erakusten du horrek, esaten zutenaren kontrakoa egin dutela iruzurraren kontrako borrokari dagokionez», esan du Uberak. Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak adierazi du bere sailaren lehentasunetako bat izango dela zerga iruzurrari borroka egitea, «dagoen jarrera antisozialena baita, onartezina». Ez du xehetasunik eman nahi izan ildo horretan egingo duenari buruz, baina aurreratu du mugaz gaindiko diru fluxuei arreta berezia jarriko diotela.

Hemeretzi kasu auzitara

Iazko ildoei jarraituta 312,4 milioi euroko zorra «azaleratu» dela zabaldu du aldundiak. Zatirik handiena, 110 milioi, BEZari dagozkio, nahiz eta %23 jaitsi den azken urtean. Errenta zergan egindako ustezko iruzurra 102,5 milioi eurokoa izan da, 2010ean baino ia %40 handitu da. Hemeretzi kasuk auzitegietan bukatu dute, eta horien bidez 36,6 milioi euro berreskuratzea espero du Gipuzkoak.

Bizkaiak esan du 560 milioiko zerga iruzurra atzeman zuela iaz, eta Arabak, berriz, 96,3 milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.