Sozietate zergaren tasa nominalak ukitu gabe, enpresek zergetan gehiago pagatzea nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen erreformarekin. Horretarako modu nagusia kenkariak ezabatzea edo asko mugatzea nahidu, BERRIAk joan den larunbatean aurreratu zuen moduan. Kenkariak «salbuespena» izatea nahi du Helena Franco Ogasun diputatuak, gaur egun galdu duten «pizgarri» efektua berreskuratzeko.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzo ekin zioten sozietate zergaren erreformari. Horretarako sortutako batzordean agertu zirenFranco, Jon Uriguen Berrikuntzako diputatua, Itziar Miner Zerga Politikako zuzendaria eta Xabier Olano Ogasuneko zuzendaria. Entzuleen artean zeuden Adegi patronaleko Jose Miguel Aiertza eta Patxi Sasigain. Aurrerago agertuko dira batzordean.
Francoren iritziz, bost ezaugarri izan behar ditu sozietate zergak. Zuzena izan behar du, hots, «enpresa bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren arabera pagatu behar du, eta ez aurkitu ditzakeen zirrikituen arabera». «Eraginkorra» ere izan behar du, hau da, ezin ditu enpresen erabakiak baldintzatu behar. Gainera, diru sarrerak ekarri behar dizkie administrazio publikoei. Krisia hasi zenetik erdira jaitsi da Gipuzkoak sozietateen gaineko zergaren bidez bildutakoa: 556 milioi izan ziren 2007an eta 243 milioi iaz. Beherakada hori gehiegizkoa dela uste du aldundiak, beste zergena baino handiagoa delako. Hortaz, zerga «malgua» nahi du, «koiuntura ekonomikoaren araberakoa: koiuntura txarretan gutxiago bildu, onetan gehiago, baina bere pisuak bat etorri behar du bilketaren gorabeherekin». Azkenik, zerga sinplea nahi du: «Ezin da izan hamaika mila adartxo dituen zerga bat, zirrikituz betetatakoa».
Ezaugarri horiek betetze aldera, Gipuzkoak ezinbestekotzat jo du zerga kenkari asko kentzea eta besteak mugatzea, gaur egun bilketa baldintzatzen dutelakoan baitago. Iaz, esaterako, 149 milioi euroren kenkariak onartu zitzaizkien enpresei. «Agian, erabili beharko dira zenbait ekinbide bultzatzeko, pizgarri izateko, baina haien eragina neurtuta eta betikotu gabe». Beste aukera bat ere jarri du mahai gainean Francok: kenkari guzti-guztiak bertan behera uztea eta haien truke inbertsio produktiboak eta enplegua sortzeko funts bat osatzea.
Aldundiak proposatutakoen artean dago aurreko urteotan izandako galerak konpentsatzeko epea laburtzea, gaur egungo hamabost urteek urte askoko zerga bilketa «baldintzatzen» dutelako. 4.657 milioi dira orain. «Edozein aldaketa egiten dugula ere, herentzia hori dugu», esan du Olanok.
PSE, «espiritu irekiarekin»
Erreformari ezezko borobilik ez zioten eman oposizioko alderdiek, baina jarrera desberdina erakutsi zuten: mesfidatiagoa EAJk eta PPk; «espiritu irekia», berriz, PSEk. Julio Astudillo sozialistak zerga sinpleagoa eskatu zuen, «herritarrentzat, eta ez aholkulari fiskalentzat». Itziar Agirre jeltzaleak esan zuenez, «aldundiaren txostenak bilketaren alderdiari soilik begiratzen dio, eta ahaztu egin ditu kenkariek eragin ahal izan dituzten onurak». Juan Carlos Canok (PP) kenkariei baino gehiago krisiari egotzi zion zergetan bildutakoaren beherakada, eta ziurtatu zuen zerga politikak «lehiakortasunaren zerbitzurako tresna» izan behar duela. Azken adierazpen hori auzitan jarri zuen Francok «fiskalitatean oinarritu behar al du lehiakortasunak? Ez al da oinarri ahulegia?».
Administrazioaren kontuak. Sozietate zergaren erreforma Gipuzkoan
Gipuzkoak nahi du sozietate zergan kenkariak «salbuespena» izatea
Enpresek «haien ahalmenaren arabera paga dezaten», erreforma hasi dute Gipuzkoako Batzar NagusiekZenbait kenkariri eustea onartu du Francok, inbertsio edo enplegurako pizgarri badira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu