"Ez dugu ustekabe handirik iragartzen aurrekontuetan, eta hori oso albiste ona da Gipuzkoarentzat", azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok herrialdearen datorren urteko aurrekontuen proposamena aurkeztu duenean. "Iazkoaren pare, hazkunde agertoki batean gaude; egia da ere zuhurtasunez jokatu behar dugula. Baina, edozein moduz, hazkunde agertoki horrek ematen digu aukera aurre egiteko Gipuzkoan ezarrita dauzkagun lehentasun nagusiei". Gizarte politikak eta sustapen ekonomikoa zituen gogoan Olanok.
2017. urterako aurrekontua %3,16 handituko du Gipuzkoak, 838 milioi euroraino. Hots, 25,6 milioi euro gehiago banatuko dira aldundiko departamendu ezberdinen artean, eta gehikuntza horretatik zati handiena, 19,3 milioi euro, gizarte politiketara joango da. Guztira, 364 milioi eurotik gorako aurrekontua izango da gizarte politika horietarako, iaz baino %5,6 gehiago.
Aldundiak legegintzaldi honetan sustapen ekonomikora orotara 200 milioi euro bideratzeko konpromisoa hartu zuela ere gogorarazi du Markel Olanok, eta aurten, iazko moduan, 50 milioi euro joango direla horretara. "Lortu dugu iazko hazkunde hori kontsolidatzea". Gizarte politikez eta sustapen ekonomikoaz gain, bide azpiegiturek ere pisua hartuko dute 2017ko aurrekontuetan, Antzuola-Bergara errepidean "ahalegina" egin nahi dute eta. "Proiektu garrantzitsua da, hasi eta bukatu nahi dugun proiektua", esan du Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak. Proietu hori finantzatzeko, kapital hazkundea egingo dute Bidegin diputazioaren soberakinetik, eta horrela Bide Azpiegiturena izango da hazkunde handiena izango duen departamentua, ia 12 milioi euro gehiago kudeatuko dituelako, guztira ia 90 milioi, aurten baino %15,39 gehiago.
Ingurumenari eta obra hidraulikoei lotutako proiektu handi bana ere aintzat hartu dituzte; horregatik, %12,13 haziko da departamentu horren aurrekontua. Ogasunera ere %5 gehiago joango da, zerga iruzurra kontrolatuko dituztenak 45 langile gehiago izateko egitasmoaren lehen fase honetan. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola departamentuak 53,8 milioi euro izango ditu, %0,08 gehiago.
Departamendu bakoitzaren aurrekontuak hurrengo astean Batzar Nagusietan zehaztuko dituzte haien buruek. Aurrekontuak onartzeko "nahikoa sustengu dauzkagu", esan du Markel Olanok; baina, hala ere, alderdi guztiekin hitz egingo duela gaineratu du.