Gipuzkoako Foru Aldundiak hilaren 8an aurreratu zuen bezala, arrisku bereziko zergadunen errolda sortuko du. Zerrenda horretan sartuko dira zerga delitua egotzi zaienak eta irregulartasunak egin dituztenak. Behin irregulartasunak konponduta, zerrendatik aterako dira.
Erroldaren inguruko xehetasun gehiago eman dituzte gaur goizean Donostian Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako foru zuzendariak eta Xabier Olano Ogasuneko foru zuzendariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza nagusiko prentsa aretoan.
Argitu dutenez, erroldan sartuko dituzten gizabanako eta enpresek ez dute jakingo zerrenda horretan sartu dituztela, Ogasunaren barne dokumentu bat izango baita.
Gipuzkoako Ogasun Sailak proposatu du errolda, baina Batzar Nagusiek ostiralean eskatu zuten moduan, aldundiaren aholkularitza batzordeak oniritzia eman beharko dio lehenik. Ondoren, Batzar Nagusietan eztabaidatuko dute. Beraz, errolda uda ondoren martxan jartzea espero da.