Opor fiskalak

Gipuzkoako Aldundiak kontuak eskatu dizkio EAJri

Martin Garitanoren ustez, opor fiskalen "erantzukizun politikoan" jarri behar da fokua, eta ez 30 milioiko isunaren ordainketaren banaketan.

Helena Franco eta Martin Garitano. JUAN CARLOS RUIZ /ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 16a
11:37
Entzun

Opor fiskalen 30 milioi euroren isunak bi eztabaida jarri ditu mahaiaren gainean: ardura banaketan zentratu dira batzuk, eta fakturaren banaketan beste batzuk. Gaur arte gaiaz berbarik ez du egin Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta gaur lehenengo eztabaidan baino ez da sartu. “Ez gara herrialdekerietan sartuko. Ardurez hitz egiteko eguna da. Erantzukizun politikoan jarri behar da fokua, bestea anekdota bat da”.

Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak toki bakarrean jarri nahi izan du fokua: "Nork du 2014an herritarrek 30 milioi euroko isuna ordaindu beharraren ardura?". Bere ustez "inork" ez du horretaz hitz egin nahi, eta fakturaren ordainketa nola banatu proposatu ordez, faktura nork sortu zuen nabarmendu du. 2001ean Europako Batzordeak opor fiskalak legez kanpokotzat jo eta emandako dirua berreskuratzeko eskatu arren, orduko agintariek kasurik ez ziotela egin salatu du. "Orduko alderdiek, patronalak bultzatuta, erresistentzia taktika bat hartu zuten. Erdi jolasean ibili ziren". Hortxe dago arazoaren muina, Francoren iritziz. Gaineratu du dirua 2006an berreskuratu bazen, krisi aurreko oparoaldian orandik, kaltea txikiagoa izango zen euskal enpresentzat ere. "Agindu bat betetzeko borondaterik ez zelako egon etorri da epaia —jarraitu du Francok—. Herritarrek ordainduko dute 30 milioiko isuna, eta jakin behar dute nondik datorren arazoa, ardurak eskatzeko". 

Garitanok izen abizenak jarri dizkie "arduradunei". 2006an diputazioek dirua berreskuratzeko ia-ia ahaleginik ez zutela egin salatu du, eta galdera zuzena egin dio Eusko Jaurlaritzako gobernuko alderdiari: "EAJk zergatik erabaki zuen EBko agindu bati muzin egitea?". Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, "EAJk, PPk eta Confebaskek herritarren aurrean aitortu behar lukete egindakoa. Autokritika entzutea merezi dute herritarrek".

Fakturaren banaketa

Baina Gipuzkoak ez du oraindik argi esan zelan banatu beharko litzatekeen 30 milioiko isunaren ordainketa. "Herrialdekerietan ez sartzea", erabaki duela azaldu du Garitanok, baina hiru diputazioak eta Jaurlaritzak lehenago edo geroago negoziatu egin beharko dute zelan ordaindu opor fiskalen faktura. Hori erabakitzeko tokia Euskal Finantzen Kontseilua dela esan du Francok. Erakunde horren hurrengo bilera datorren urrian dago jarria, eta Francok esan du ez duela ikusten ohiz kanpoko bilera bat deitu beharrik. "Zortzi urte daramatzagu gai honekin. Urria ez da berandu". 

Ordainketa egiteko bi aukera nagusi egon daitezke: Ekarpen Legearen arabera pagatzea edo emandako laguntza fiskalen proportzioaren arabera banatzea. Lehen kasuan Jarlaritza isunaren %70 ordaindu behar luke, eta diputazioek gainontzeko %30. Aldundien arteko banaketa ere koefiziente horizontal batek ezartzen du, bakoitzaren pisua kontuan hartuta: Bizkaiak %50, Gipuzkoak %34 eta Arabak %16, gutxi gora behera. Bigarren aukera onartuz gero, berriz, Arabak askoz gehiago ordainduko luke, berak eman zituelako laguntza gehien. Zerga pizgarrien %66 Arabak eman zituen, %21 Bizkaiak eta %13 Gipuzkoak. Bi aukera horietako bat aukeratzea, edo tarteko konponbideren bat adostea izango da datozen aste eta hilabeteetako ardura nagusia Jaurlaritzarentzat eta hiru diputazioentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.