Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak, EAJren botoekin, abenduaren 29an sozietateen gaineko %28ko zerga tasa onartu zuen dekretu bidez -%32,6koa zen aurrekoa-, baina gaur Batzar Nagusiak neurriaren kontra agertu dira.
Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusiak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko "harmonizazio fiskala" defenditu du -Araban eta Bizkaian tasa %28koa da duela hilabete batzuetatik-, baina gaur ere ez du babesik izan -EA, PSE-EE, PP, EB eta Aralar aurka azaldu dira-, nahiz eta esan duen dekretuari buruzko auzia "behin-behinekoa" dela eta "behin betiko akordioa" lortu nahi duela. Enpresek "segurtasun juridikoa" behar dutela nabarmendu du Olanok eta gaiari buruzko "krisia" ez dela handitu behar.
EA da Diputatuen Kontseiluan dagoen beste alderdia eta, abenduaren 29ko batzarrean bezala, gaur ere dekretuaren kontra agertu da, bai moduagatik, baita tasa %28koa izateagatik ere. "Hemen enpresei ezinegona sortzen diena dekretua da", esan du Joxan Rekondo EAren batzarkideak. EAJk eta biek "desadostasun larriak" dituztela aitortu du, baina bere alderdia prest dagoela akordiora heltzeko.
Miguel Buen PSE-EEren bozeramaileak Olanori esan dio errua ez besteei botatzeko. PPren iritziz, Batzar Nagusien "subiranotasunaren kontrako erasoa" izan da tasa dekretu bidez onartzea, eta antzekoa adierazi dute EBk eta Aralarrek. EAE-ANV baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek iazko hauteskundeetan.
Polemikak bihar segituko du Batzar Nagusietan, Bozeramaileen Batzordearen bileran. Bertan erabakiko dute Mahaiari dekretuaren aurkako helegitea sartzeko eskatzea edo ez.
Ekonomia
Gipuzkoako Batzar Nagusiak zerga tasari buruzko dekretuaren kontra azaldu dira
EA, PSE-EE, PP, EB eta Aralar neurriaren aurka egin dute gaur. EAJk sozietateen gaineko tasa %28koa izatea onartu zuen abenduaren 29an Diputatuen Kontseiluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu