EkoNOMIA

Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez aitortu dute iruzurra egin zela Irungo Ogasunean

EAJ erantzukizun politikoak jaisten saiatu da, ardura kendu nahian Joxe Joan Gonzalez Txabarri orduko ahaldun nagusiari eta Antton Market eta Juan Jose Mujika orduko foru diputatuei.

2009ko urtarrilaren 15a
14:21
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusien ustez, Irungo (Gipuzkoa) Ogasuneko bulegoetan iruzurra egin zuten. Hala zioen lehengo astean Batzar Nagusietako ikerketa taldeak bere ondorioetan, eta hala aitortu dute Batzar Nagusiek beraiek gaur, bozketan. Aho batez onartu dute gaur ondorioen txostena EAJk, EAk, PSE-EEk, PPk, EBk eta Aralarrek -EAE-ANV ez dago batzarretan, hauteskundeetan baliogabetu egin zuelako Espainiako Justiziak-.

Ikerketak dioenez, iruzurra gertatu zen garaian eta ondoren ardura publikoak izandako zazpi lagunek “modu batean edo bestean” harremana izan zuten Gipuzkoako Ogasuneko bulego hartan gertatu ziren "irregulartasunekin". Ardunadun hauek: Joxe Joan Gonzalez Txabarri orduko ahaldun nagusiak, Antton Market eta Juan Jose Mujika orduko foru diputatuek, eta Ogasun eta Finantzetako orduko lau zuzendari orokorrek (Victor Bravok, Iñaki Ricak, Asier Esnalek eta Juan Romerok).

Gaur EAJ saiatu da erantzukizunak murrizten, Gonzalez Txabarri, Market eta Mujikari ardura kendu nahian, baina ez du lortu, besteek ez dutelako onartu haren eskaera.

Batzar Nagusiek onartu dutena onartu arren, Asier Aranbarri EAJko bozeramaileak esan du ikerketak "garbi" erakusten duela bere alderdiak ez duela "zerikusirik" ustezko iruzur horrekin. Autokritika egin du, baina, kasua EAJ Foru Aldundian agintean zegoela gertatu zelako.

Gonzalez Txabarri da gaur egun Pasaiako (Gipuzkoa) Portuko zuzendaria, eta PPk gaur eskatu utzi egin beharko lukeela kargua.

Batzordeak aurreko astean zioenez, “erabilera desegokiak eta Irabazi Zerbitzuetan izandako antolaketa, kontrol eta argibiderik ezak, eta aldundiaren barne kontrolik ezak” eragin zuten iruzurra. Egoera horiek zuzentzen eta, beraz, iruzurra saihesten zazpi kargu publiko horiek ez zutela behar bezala jokatu ondorioztatu dute.

Ikerketako batzordeak puntu bat nabarmentzen du txostenean. Iruzurra gertatu zen garaian (1989-2004), Gipuzkoako Ogasun Departamentuaren kontrolerako sistemek kale egin zutela. Iruzurra atzeman bazuten ere, berau saihesteko bitartekorik ez zutela ipini esaten du txostenak. Kontrol gabezia edo hutsune horren jatorria 2000. urtetik dator, urte horretan lan egiteko modua aldatu baitzen Ogasun Departamentuan.

Lau auzipetu eta zortzi milioi euro

Irungo epaitegiak prozesu judiziala abiatua du, eta gaur egun auzipetuta daude Jose Maria Bravo Irungo Ogasuneko zuzendari ohi eta Victor Bravoren anaia, haren emazte Rosa Cobos, Pilar Grazenea Irungo bulegoko langilea eta Pedro Maria Aristrain Jose Maria Bravoren bazkidea. Ogasun Departamentuak lau pertsona gehiago auzipetzeko eskatu zion iazko irailean Aldundia ordezkatzen duen abokatuari. Hark dimisioa eman zuen urte amaieran.

1989-2004 bitartean Gipuzkoako Aldundiak zergetan jaso ez zuen diru kopurua zortzi milioi eurokoa dela dio Ogasuneko ikerketa taldeak. Zergadunen zorra kitatutzat agerrarazten zuten, eta zergadunak diru hori ordaintzeko gai ez zirela argudiatzen zuten gero. Hori egitearen truke auzipetutako bost lagunek 1,7 milioi euro jaso zituztela dio txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.