fiskalitatea

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Aberastasun eta Fortuna Handien zerga onartu dute

Bilduk, Aralarrek eta PSE-EEk alde bozkatu dute, eta EAJk eta PPk, kontra. Milioi eurotik gora dutenak zergapetuko dituela azpimarratu du Helena Franco Ogasun diputatuak, herritarren %2.

2012ko abenduaren 12a
13:38
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu egin dute Aberastasun eta Fortuna Handien zerga.  Bildu, Aralar eta PSE-EEren babesarekin egin du aurrera; EAJk eta PPk kontra bozkatu dute. Helena Franco Ogasun diputatuak bozketaren aurretik esan duenez, milioi euro batetik gora dutenek ordainduko dute, zergadunen %1,7. "50 milioi duenak 100.000 euro ordainduko ditu, baina ordaintzaileen %85ak gehienez 5.000 euro ordainduko ditu", zehaztu du.

"Zerga hau bakoitzak duen benetako aberastasunaren araberako zergak ordain ditzan da. Ez du klase ertaina zergapetzen, milioi bat eurotik gora dutenak baizik”, esan du Francok.

"Harritzeko motiborik ez"

Rafaela Romero PSE-EEkoak aurreratu du "konbiktzioagatik" bozkatuko zutela alde. PPk PSE-EEren botoa salatu du, baina Romerok erantzun die ez dagoela harridurarako motiborik: ”Aberastasuna zergapetu behar da, eta sozialista euskaldun zein espainiarrek esaten dute hori, nonahi. Horregatik bozkatuko dugu alde". 

Itziar Agirre EAJkoak esan du ehun ekonomikoarentzat "kolpea" izango dela zerga berria. "Zerga honek zigortu egingo ditu jarduera arrakastatsua lortzeagatik. Zerga eraso zuzena da Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren aurka. Zerga pertsonala bada, zergatik nahasten dira horrekin enpresaren pabilioia edota azken belaunaldiko makina bat?".

Errolda berezia ere onartu dute

Gaurko saioan aurretik beste bitan batu dituzte indarrak Bilduk, Aralarrek eta PSE-EEk. Aurretik Arrisku bereziko zergadunen errolda sortzea onartzeko eta 2010eko Aldundiaren kudeaketa atzera botatzeko egin dute bat hiruek. Errolda bereziaren bozketan EAJ eta PP abstenitu egin dira. 2010eko kudeaketarenean, berriz, EAJk horren alde bozkatu du eta PP abstenitu egin da.

 "Iruzurraren aurka tresna eraginkorra izatea beldur al gara?", galdetu die Idoia Ormazabal Bildukoak errolda bereziaz ari zirenean EAJ eta PPri. "Zergadunen zerrenda berezian egoteak ez du isunik ekartzen; alarma sistema bat besterik ez da, eraginkor izatea ahalbidetzen duena", defenditu du Ormazabalek, eta inspektoreek eurek proposatutako tresna dela esan du. " Iruzurrari aurre egiteko bi muturreko ereduak dira Espainiarena, amnistia fiskakarekin eta gurea. Zerrendan sartzen direnak berme guztiak izango dute”, gaineratu du.

Errugabetasun printzipioa hizpide

Itziar Agirre EAJkoak, berriz, errugabetasun printzipioa urratzen duela esan du, eta iruzurrari aurre egiteko ez dela beharrezkoa argudiatu du abstenitu egingo direla esan duenean. Foru arauak berme gehiago izan beharko lituzkeela adierazi du. Juan Carlos Cano PPkoak ere errugabetasun printzipioa izan du hizpide: ”Ez zaizkigu zerrenda politikoak gustatzen. Ez dugu gustuko aldez aurretik inorri ezer leporatzea".

Helena Franco Ogasun diputatuak azpimarratu du zergadunek "berme guztiak" izango dituztela, baita errolda berezian daudenak ere, eta barne mailan erabiltzeko dela zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.