Gipuzkoako Ogasun Departamenduak abiatu du herritarrek zerga iruzurrak salatzeko kanpaina. Pello Gonzalez Ogasun diputatuak herritarrak animatu ditu zerga iruzurra egiten dutenak salatzera. Kanpainak bihartik abenduko bigarren astera arte iraungo du. 150.000 euroko aurrekontua du.
Neurriak hainbat kritika eragin ditu, herritarrak administrazioen lana egitera bultzatzen dituelako. Gonzalezek atzoko aurkezpenean esan zuen helburua ez dela herritarrak iruzurraren jarraitzaile bihurtzea, Administrazioa iristen ez den lekuetara iristea baizik. Gizartea kontzientziatu nahi dute, Gonzalezen arabera, zerga iruzurrak eragiten duen arbuioa iruzurgileei helarazteko: «Ez baitiote erakundeari erasotzen, gipuzkoar guztion ongizateari baizik».
Herritarrek hiru tresna izango dituzte iruzurra salatzeko: 902-10 00 40 telefono zenbakia, ordainekoa, alegia; Departamenduaren webgunea(www.gipuzkoa.net/DFG/ogasuna-e.html); eta Ogasun Departamenduak Donostiako Errotaburu pasealekuan duen egoitza.
Probak aurkeztu beharra
Salatzaileak, iruzurraren berri emateaz gain, «salatutako gertaeraren probak ere aurkeztu beharko ditu», zehazten du webguneak. Salaketak anonimoak izango dira, baina salatzaileak gutxieneko datu batzuk eman beharko ditu.
Iruzurraren kontrako telefonoa erabilgarri egon da ekainetik. Ordutik, 70 salaketa jaso dituzte bertan.
Gipuzkoako Diputazioak 580 milioi euroko iruzurra antzeman zuen 2007an eta 2008an. Pedro Mari Ruiz de Azua Ogasuneko zuzendari nagusiak esan zuen herritarrek egindako salaketekin ez dituztela milioi asko bildu nahi, ohiko ikuskaritzak topatzen ez dituen iruzurrak aurkitzea baizik.
Salaketa egin eta iruzurrik aurkitzen ez bada, herritarrak ez du ondoriorik jasoko. Gezurrezko probak aurkeztuz gero, bai.
Gipuzkoako Diputazioak aurkeztu du iruzurraren kontrako telefonoa
Pello Gonzalez Ogasun diputatuak herritarrak animatu ditu zerga iruzurrak egiten dituztenak salatzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu