Urtebeteko negoziazioaren ondoren, gaur goizean sinatu dute lan hitzarmen berritua Aspel patronalak eta ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.
UGTk azaldu duenez, langileen erosteko ahalmenari eustea lortu dute, %1,5eko soldata igoera izango baitute 2018rako. Gainera, konpromisoa hartu dute garbitzaileen artean dauden soldata arrakalak txikitzeko. Horrek eraman ditzake eraikinetako garbitzaileen soldatak kale garbitzaileek dituztenekin parekatzea. Azken horietako gehienak gizonezkoak dira, eta soldata gehigarri bat jasotzen dute kalean lan egiteagatik, eguraldia dela medio, baldintza gogorragoak dituztelako. Gipuzkoako Aldundiko garbitzaileen lan itunak dagoeneko parekatu ditu beren soldatak kaleko langileekin.
Eraikinetako garbitzaileen itunak mugarik gabeko ultraaktibitatea berriro ezarriko du, lan erreformaren ondorioz aurreko itunak galdutakoa. "Negoziazio kolektiboaren eskubide garrantzitsuenetako bat berreskuratu dugu", azaldu du UGTk. Edonola ere, 2019ko hitzarmena egiteko negoziazio mahaia gaur bertan osatzea hitzartu dute sindikatuek eta patronalak.