Lan harremanak

Gipuzkoako eraikuntzan akordioa lortu dute ELAk eta UGTk Adegirekin

Batzorde bat sortuko dute obra guztietan lan hitzarmena betetzen dela egiaztatzeko.

Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 28a
07:23
Entzun

Hamar urteren ondoren berrituko dute Gipuzkoako eraikuntzako lan hitzarmena. Oraingoz ELAren eta UGTren sinadura izango du gaur lortutako akordioaren aurrekoak, baina LABek ere iragarri du izenpetuko duela, baldin eta itundutakoaren puntu batzuek sortzen dizkioten zalantza juridikoak argitzen baditu. Sektoreak 17.000 langile ditu (25.000 izatera iritsi zen), eta Gipuzkoaren barne produktu gordinaren %6 ekartzen du.

Akordioak grebarako hotsak itzaliko ditu Gipuzkoan martxan dauden obra handietan. Izan ere, ELAk eta LABek iragarrita zuten prest zeudela gelditzeko Anoetako estadioa berritzeko lanak, Zubietako errausteko planta eraikitzekoak, eta topoaren zabaltzekoak. Deskargako autobidea eta AHTa ere sindikatuen begipuntuan zeuden, horietan guztietan lan hitzarmen zaharra urratzen zela gogor salatu baitute sindikatuek.

ELA da, alde handiz gainera, sindikatu nagusia Gipuzkoako eraikuntzan, %60eko ordezkaritza baitu. Gaur emango ditu azalpenak Ascongi-Adegi patronalarekin sinatutakoari buruz.

Soldaten eguneratzea

2009az geroztik berritu ez diren soldata taulak eguneratzea zen hitzarmen berria lortzeko eragozpen handietako bat. KPIren gaineko igoerekin egin dutela iragarri du Adegik, eta nabarmendu du langile maila batzuen eta besteen soldaten artean zeuden aldeak txikitu egingo direla. LABek, ordea, ziurtatu du langileek ez dutela galdutako erosteko ahalmenaren erdia ere berreskuratuko.

Baina sindikatuek bazuten beste funtsezko eskaera bat: lan hitzarmena sektoreko langile guztiei ezartzea. Salatu izan dutenez, hitzarmena ez betetzea «joera orokorra» zen sektorean, eta ohikoa zen langileei soldata txikiagoak ordaintzea. —lau edo bost euro orduko—, eta «abusuzko» lanaldiak eginaraztea —hamalau ordukoak barne—. Gipuzkoatik kanpoko langileei batez ere ezarri dizkiete lan baldintza kaskarrenak.

Arazo hori konpontzeko «eredu berritzaile» bat lortu dutela aldarrikatu du Ascongi-Adegik. Batzorde bat sortuko dute, eta hura arduratuko da eraikuntza lan pribatu zein publikoetan lan ituna betetzen dela arduratzeaz.

Sindikatuek enpresen jarrerari leporatu izan diote lan itunaren baldintzak ez betetzea, baina erakunde publikoek ere ardura badutela ziurtatu dute, beren obretan prezio txikiegiak eskaintzeagatik. Azken salaketa horri heldu dio patronalak ere: «Derrigorrezkoa eta premiazkoa da lizitazio publikoen prezioak eguneratzea; kostu azpitik daude, askotan». Sindikatuen aspaldiko eskaera bat bere egin du Ascongi-Adegik ere, hots, herrilan publikoen adjudikazioa sektoreko lan hitzarmena betetzeari lotuta egotea. Kontratu pribatuetan ere bete beharrekoa izan behar duela aldarrikatu du.
 

LABen kexuak

Lan itunaren negoziazioan eskutik joan dira ELA eta LAB, baina bien arteko batasuna azken unean hautsi da. «Akordioa kapitalizatzeko ELAren protagonismo irrikari», egotzi dio ardura LABek, eta ziurtatu du baldintza hobeak lor zitzaketela. LABek uste du hitzarmenak ez duela inolako kostu ekonomikorik aurreikusten ituna betetzen ez duten enpresentzat. «Sortuko duten batzordeak ezin izango ditu obrak bisitatu», kexu da LAB.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.