LAN GATAZKAK

Gipuzkoako IATren grebaren amaiera puntu bakar baten menpe dago

TUV Rheinlandeko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek bilera egingo dute Donostian. 2015 eta 2016ko soldatei buruzko desadostasuna da konpontzeko duten bakarra.

Iker Aranburu.
2014ko martxoaren 11
21:50
Entzun

Azken bederatzi hilabeteotan Urnietako IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoa itxita eta Irungoa erdizka lanean izan duen greba datozen orduetan bukatzeko aukera bat dago. TUV Rheinland enpresako arduradunak eta langileen ordezkariak bilduko dira Precoren Donostiako egoitzan. «Puntu bakarra» geratzen da konpontzeko, Ketxus San Emeterio (ELA) enpresa batzordeko lehendakariak azaldu zuenez.

Desadostasun hori konpontzeak, hala ere, badu bere zailtasuna,  enpresaren eta langileen esku ez ezik, neurri batean Eusko Jaurlaritzaren esku ere baitago. Izan ere, 2012, 2013 eta 2014. urteei buruzko soldatetan akordioa lortu ondoren, 2015 eta 2016. urteetan kateatuta daude bi aldeak. San Emeterioren arabera, langileak prest daude printzipioz soldata izozteko, baina jarduera maila handi bat izanez gero, KPI adina igotzeko aukera nahi dute. TUV Rheinlandek baldintza bat jarri du horretarako: Jaurlaritzak tarifen igoera bat onartzea. Hau da, beren ibilgailuak aztertzera eramaten dituztenek gehiago ordaintzea zerbitzuaren truke.

Azterketak, Nafarroan

Enpresa batzordeak ez du begi onez ikusten baldintza hori. haren esanetan, TUV Rheinlandek badu nahiko irabazirik balizko soldata igoera hori bere gain hartzeko. San Emeterioren datuen arabera, soldatetan bi milioi euro gastatzen ditu enpresak, eta sei milioi euro fakturatzen ditu.

Bileran akordiorik lortzen ez badute, Eusko Jaurlaritzak bilera batera deitu ditu datorren astearterako. Langileak greban daude iazko ekainaren 15az  geroztik, eta jakinarazi dute gutxienez apirilaren 1era arte jarraituko dutela.

Greba hasi zenetik, gipuzkoar askok Nafarroan egiten dituzte beren ibilgailuen azterketak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.