Gipuzkoako lantegietan ere murrizketak nahi ditu Arcelorrek

Multinazionalak ordain gastua %25 jaitsi nahi du, eta horren aurkako lehen lanuzteak egin zituzten atzo langileek

Ivan Santamaria.
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
ArcelorMittal multinazionaleko zuzendaritzak iragarri berri duen murrizketa mehatxua Euskal Herrian dituen lantegi guztietara iritsiko da. Atzo, bilera izan zuten Olaberriko lantegiko sindikatuek enpresako ordezkariekin, eta beste lantokietarako proposatu dituztenen pareko neurriak aurreratu zizkieten: ordainak jaistea, lanaldia luzatzea, eta etekin sozial batzuk berraztertzea.

Hego Euskal Herrian eta Espainian dituen lantegi gehienentzako esparru hitzarmena indarrean du ArcelorMittalek. Hor kokatzen dira produktu lauak egiten dituzten lantegiak: Sestao, Etxebarri, eta Lesaka, eta baita Berriobeiti ere. Azken lan erreforma baliatu nahi du zuzendaritzak, eta hitzarmeneko baldintzak indarrik gabe utzi nahi ditu, galerak dituela argudiatuta.

Hain zuzen ere, Hego Euskal Herrian eta Espainian dituen ordain gastuak laurden bat murriztea da ArcelorMittalen asmoa. Horretarako, datozen hiru urteetan soldatan hazkunderik ez izatea, ekoizpen sari aldakorra finko batekin ordezkatzea (soldata %10 murriztuko litzateke), urteko lanaldia hamabi egun luzatzea, eta antzinatasun ordainari igoerak ez egitea proposatu du.

Ezarri nahi dituen murrizketak orain dela egun batzuk azaldu zizkien enpresak langileen ordezkariei. Eskaera errefusatu, eta produktu lauak egiten dituzten lantegietan bi greba egunetara deitzea izan zen sindikatuen erantzuna. Hego Euskal Herrian atzo izan zen lehen lanuztea, eta bigarrenak irailaren 26ko greba orokorrarekin bat egingo dute.

Etxebarriko lantegian lanuztea «erabatekoa» izan zela azaldu du Mikel Resines ELAko ordezkariak. Sestaon eta Lesakan ere grebak erantzun oso handia izan zuela azpimarratu du. «Espero genuen hala izatea. Egoera serioa da, eta jendeak badaki mobilizatu behar duela», Resinesen ustez.

Enpresak egin duen urratsarekin harrituta daude sindikatuak. Izan ere, gaur egun indarrean dagoen itun kolektiboaren eragina abenduaren 31n amaituko da, eta horren baldintzak ez ezartzeko epea oso laburra da. Haatik, hurrengo itun kolektiborako negoziazioaren oinarria murrizketak izan daitezkeela susmatzen dute. Heldu den astelehenean berriro bilduko dira langileen ordezkariak eta multinazionala, Madrilen. «Ez dakigu zer esango diguten. Xantaia kutsua hartzen diogu prozesu guztiari», aurreratu du Resinesek.

Olaberriko lantegian, berriz, bi elkarretaratze antolatu zituen atzo LAB sindikatuak. ArcelorMittalek beste lantokietan ezarri nahi dituen murrizketak Gipuzkoara ere iritsiko zirela espero zuten, eta hala izan da. Atzo egindako bileran horren berri eman zien enpresak. «Negoziazio mahaia eratu da, baina kontsulta epea hastea atzeratu ahal izan dugu, azken bi urteetako kontu guztiak eskuetan izan arte», Fermin Otamendi LABeko kidearen arabera.

Galerak dituela-eta diru sarrerak gutxitu direla argudiatu nahi du enpresak, baina Otamendik ez du berdin ikusten. «Ez dago galerarik, baizik eta ez dutela irabazten nahi zuten guztia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.