Fagor Etxetresnak

Gisasolak ezetz esan dio Eusko Legebiltzarrera azalpenak ematera joateari

Edesa eta Geyserren planak finantzaketa behar du otsailaren 1a baino lehen. Fagor Etxetresnen zati hori salbatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Mondragon taldearen baietza behar da.

xabier martin
2014ko urtarrilaren 17a
18:03
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Garapen Ekonomikoko batzordera joateko deiari muzin egitea erabaki duTxema Gisasolak. PPk eskatu zuen Mondragon taldeko buruaren agerraldia. Legeak ez du behartzen, ordea, eta hala gogorarazi dio Legebiltzarrari Gisasolak.

Fagor Etxetresnen porrotari eta hark ekarriko dituen ondorioei buruz azalpenak ematea nahi zuen PPk. Alderdi horretako legebiltzarkide Carmelo Barriok esan du “pena” dela ez joatea, “aukera” galdu duelako auziari buruz hitz egiteko “Euskadiko erakunde garrantzitsuenean”. Barrioren arabera, PPk ez zuen nahi Gisasola kritikatu, “aukera bat eman baizik”.

Edesa eta Geyser: otsailaren 1a da muga

Basauri eta Bergarako plantetan 350 lanpostu salbatuko lituzkeen planak ezin du askoz gehiago itxaron. Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek Edesako bazkide talde batek diseinatutako bideragarritasun plana diruz lagunduko zutela iragarri zuten aurreko astean; Mondragonek ez du erantzun oraindik, ezta Eusko Jaurlaritzak berak ere, eta biek ala biek finantzaketan rol aktiboa izango lukete. 

Atzo, Eusko Legebiltzarrean epemuga jarri zioten Edesako bazkideek Basauri-Bergararen planari: otsailaren 1a. Egun hori baino lehen diru iturriak zabalduko direla jakin behar dute. Hala ez bada, likidaziorako bidean abiatuko lirateke seguruenera.

Fagor Etxetresnen konkurtsoa aurrera doa, beraz, eta Frantzian eta Polonian gauzak argitzen hasiko dira gaur, gaur jakinaraziko baitute Fagor Brandtek eta Mastercookek inbertitzaileak lortu dituzten ala ez. Aljeriako Cevital taldea izan daiteke bietan ere dirua jartzeko prest dagoena. 13.000 langilek dihardute lanean Cevitalen Afrikako herrialde horretan.

Bestela, Arrasateko kooperatibak jakinarazi duenez, PwC auditorarekin lanean ari da, baita adiministratzaile judizialekin ere, bideragarritasun planak diseinatzeko. Hila bukatu aurretik txosten bat aurkezteko asmoa duela esan du Fagorrek, eta horretan balizko negozioak islatuko lirateke, salba daitezkeen negozioak alegia.

Azaroaren 13an sartu zen Fagor Etxetresnak konkurtsoan. Oraingoz, ez dute mahai gainean inolako bideragarritasun planik. Hala esan dio CNMV Espainiako merkatu arautzaileari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.