Bizkaiko Foru Aldundiak 560 milioi euroko zerga iruzurra antzeman zuen iaz. Gizarte Ekintza Departamenduaren aurrekontuaren pareko kopurua da. 2009an antzemandakoaren zerga iruzurraren bikoitza. Iaz zergetan bildutakoaren %9a.
Eusko Jaurlaritzak hainbat aldiz auzitan jarri du Bizkaiko Foru Aldundiaren lana eta borondatea zerga iruzurrari aurre egiteko. Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuak agerraldia egin zuen atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan, berak eskatuta. Iruarrizagarentzat garrantzitsuena ez da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasun departamenduak lotuta egotea, informazioa jasotzea baizik. Iaz, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak bizkaitarren 49 milioi datu jaso ditu beste administrazio batzuetatik, gehienak Espainiako Zerga Agentziatik.
Kopurua adierazgarria da, aurreko urteekin alderatuta asko handitu baita. Bizkaiko Foru Aldundiak 2.300 milioi euroko zerga iruzurra antzeman du 2003 eta 2011 urteen artean, lau eurotik bat iaz.
Iruarrizagak ez zuen zehaztu zerga iruzurretik zenbat diru berreskuratu duten. Aipatu zuen iruzur salaketa auzitegietara iritsi ez den kasuetan diruaren %70 berreskuratu dutela. Iaz zerga iruzurraz akusatutakoei, guztira, hamazazpi urteko kartzela zigorra ezarri zieten.
Gizarte Ekintzaren neurriko zerga iruzur bat atzeman du Bizkaiak
Aurkitutako iruzurra 560 milioi eurokoa izan da, iaz zergen bidez bildutako diruaren %9ren parekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu