Gizarte laguntzak jasotzeko betebeharrak gogortzea erabaki dute PSEk eta PPk

Onuradunak gutxienez hiru urtez erroldatuta egon beharko du EAEn, edo, bestela, bost urteko lan ibilbidea frogatu

Gizarte laguntzak murriztearen aurka joan den ekainean Bilbon egindako elkarretaratzea. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gizarte laguntzak eskuratzea zailagoa izango da datorren urtetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. PP eta PSE ados jarri dira eskubidea izateko baldintzak gogortzeko. Itun horren arabera, betebehar gehiago ezarriko zaizkie onuradunei gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen jarraitzeko.

Heldu den abenduan hiru urte beteko dira Eusko Legebiltzarrak gizarte laguntzen sistemaren moldaketa onartu zuenetik, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen bidez. Oinarrizko errenta, etxebizitza alokairurako ordain osagarria, eta gizarte larrialdietarako laguntzak arautu zituen. EAJk, EAk eta PSE-EEk eduki nagusiak hitzartu zituzten, eta PPk ere artikulu gehienak babestu zituen.

Haatik, joan den urte amaieran legea aldatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, gizarte laguntzen kudeaketa Lanbide euskal enplegu zerbitzura eramateko helburuarekin. Tramite hori baliatuta, onuraduna izateko betebeharrak gogortzea proposatu zuen PPk.

Bost urteko lana

Diru sarrerak bermatzeko errenta kobratu ahal izateko bost urtez Araba, Bizkai edo Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta egon izana nahi zuen PPk. Orain urtebete da. Azkenean, eskaera hiru urtekoa izatea ontzat jo du PSE-EEk. Hiru urtez erroldatuta egon ez direnek laguntzarako eskubidea izango dute, baina horretarako bost urteko lan ibilbidea egin dutela frogatu beharko dute, Gizarte Segurantzako lan bizitzaren bidez. Hego Euskal Herrian edo Espainian lan egin izanak balioko du kasu horretan.

Onuradunek betebehar gehiago eta zorrotzagoak izango dituzte, halaber. Lanbidek egindako enplegu eskaintza bati uko egiten badiote, laguntza galduko dute. Orain arte, hiru aldiz ezetz esateko aukera zuten, legearen arabera. Lanpostu eskaintza «egokia eta onuradunaren ahalmenaren araberakoa» izan beharko dela dio Lan Sailak akordioari buruz atzo igorri zuen informazioak.

Soldata eskasak errentarekin osatu nahi dituzten langileek kontratua aurkeztu beharko dute. Lan kontraturik sinatzen ez duten ugazabak zigortuko dituela ohartarazi du Lan Sailak, eta neurria Lan Ikuskaritzaren plan batekin osatuko dela iragarri du.

Azkenik, lanean edo formakuntzan ez daudenek gizarte lanetan lagundu beharko dute, «premia egoeretan». Lankidetza «apartekoa» izango dela dio akordioak, edo Gobernuz Kanpoko Erakundeekin egindako hitzarmenekin bideratuko da.

Aldaketa horiek gauzatuz gero, ez direla eskubideak murriztuko uste du Gemma Zabaleta Lan sailburuak, baina moldaketa ustezko iruzurrarekinlotu zuen zuzenean. «Akordioa autogobernuaren historian mugarria izango da, laguntzetan dauden iruzur kasuekin amaituko duelako». Baldintzak gogortu izana elkartasun kontua da, Zabaletaren aburuz. «Euskal herritarren elkartasuna bikaina da, baina ez mugarik gabekoa, ezin da dena ordaindu».

EBk eta EAk lege ekimena kritikatu dute, eta gizarte babesean atzerapausoa dela ziurtatu dute. Gipuzkoako Gizarte Politikako ahaldunak, Ander Rodriguezek, proiektua gelditzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.