Gizarte Segurantzaren zuloa garagardo eta tabakoaren zergekin beteko du Parisek

Frantziako Gobernuak espero du Gizarte Segurantzaren kontuak 2014rako orekatu ahal izango dituela

Iker Aranburu.
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko erretzaileentzat egun mingarria izan zen atzokoa. Beren zigarreten truke sos gehiago pagatzen hasi ziren egunean bertan baieztatu zieten 2013ko uztailaren 1etik aurrera are gehiago pagatu beharko dutela, Frantziako Gobernuak tabakoaren gaineko zerga gehiago emendatzea erabaki baitu. Garagardoaren gaineko tasa ere igo du Parisek, eta %15eko garestitzea ekarriko du kontsumitzaileentzat, garagardogileen patronalak ohartarazi duenez.

Garagardoaren gaineko zerga bikoiztea erabaki du Frantziako Gobernuak, atzo aurkeztu zuen Gizarte Segurantzaren 2013ko aurrekontu proiektuaren arabera. Aurrerantzean, 5,5 euroren zerga pagatuko du alkohol gradu bakoitzeko eta hektolitroko. «Hondamendia izango da sektorearentzat», ohartarazi du Brasseurs de France patronalak. Haien kide dira, esaterako, Zuberoako Akerbeltz eta Lapurdiko Ekhi garagardoen egileak. Tabernetan, berriz, bost zentimo garestituko da garagardo bakoitza.

Garagardoaren gaineko zerga bikoizteak 500 milioi euro ekar diezazkioke Frantziako Estatuari, eta beste 125 milioi eskuratu nahi ditu tabakoaren gainekoa emendatuta. Igandetik hona %6,5 garestitu da tabakoa Ipar Euskal Herrian —pakete merkeenak 6,10 euro balio du—, eta beste koska bat egingo du bederatzi hilabete barru. Lau urte daramatza gobernua tabakoaren prezioa emendatzen. Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak betetzen ari da, hori baita kontsumoajaisteko sistemarik onena. Azken datuek diote hori gertatzen ari dela, urtarriletik ekainera %4 gutxitu baita salmenta. Datu horietan, ordea, ez dira sartzen mugaz bestaldera erositakoa edo kontrabando bidez lortutakoa.

Autonomoen kotizazioek, gora

Beste neurri batzuek are diru gehiago ekarriko diote Gizarte Segurantzari. Hala, 1.100 milioi euro lortu nahi ditu Parisek langile autonomoen gizarte kotizazioak handituta. Gaur egun, %5,9 ordaintzen dute urtean 35.352 euro irabazten dutenek, eta %6,5 hortik gora irabazten dutenek. Aurrerantzean, %6,5 izango da 14.500 eurotik gorako irabazientzat. Soldatadunek sari gordinaren %13,85 pagatzen dute. Pentsio handienak jasotzen dituztenek 350 milioi gehituko dituzte, CSG zergari %0,15eko tasa gehituta.

Horien eta beste zerga handitzeen bidez, orotara 5.000 milioi euro lortu nahi ditu Parisek, eta beste 2.450ekin eta udaletan eta ospitaleetan egin nahi dituen 2.450 milioiren murrizketarekin. Horrekin guztiarekin Gizarte Segurantzak 13.900 milioiren defizita izango luke 2013an, aurten espero duena baino 3.500 milioi gutxiago. 2014rako espero du kontuak orekatzea eta hortik aurrera superabita izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.