"Akordio programatikoak arlo horretan dioena baino harago joan gara". Miguel Laparra Gizarte Gaietarako lehendakariordeak gaur Nafarroako Parlamentuan egungo gizarteratzeko errenta ordezkatuko duen errenta bermatuari buruzko foru legearen aurreproiektua aurkeztu du. Laparraren aburuz, akordio programatikoak zioen baino %50 gehiago hobetu du ekonomikoki eta larrialdi sozialari erantzuten balioko du.
Errenta bermatu berria eskatzeko Nafarroan gutxienez bi urte bizitzea eskatuko da, baina haurrak bere gain dituzten familiei urtebete eskatuko zaie. Berritasunetako bat izango da ez dela beharrezkoa Espainian bizitzeko baimen legala izatea. 65 urtetik gorako pertsonen kasuan, baldintzak betetzen badituzte, jasotako pentsio ez-kontributiboari zerga kenkaria ezarriko zaio eta gainerako errenta jasotzaileen pare jasoko dute dirua.
Aurreproiektuaren arabera, bi kide baino gehiago dituzten familiek 600 eta 1.200 euro artean jaso dituzte. Egungo datuek erakusten dutenez, gizarteratzeko errentaren jasotzaileen %38 (10.820 sendi) 18 urtetik beherako adingabeak dituzte bere gain. "Krisi urteek eragin handia izan dute haurren artean. Biztanleria orokorrarekin alderatuta, pobreziaren inguruko adierazle batek erakusten digu %76 handiagoa dela eta legeak egoera horri erantzun nahi dio".
Aurreproiektuaren zirriborroak lan merkatura sartzeko pizgarriak ere jasotzen ditu. Besteak beste, lan bat izanez gero, errenta jaso ahal izatea etengo da, baina kontratua bukatzean ez da prozedura berriro hasi behar.
Udarako onartu nahi dute
Aurreproiektua oraindik ez du onartu gobernuak. Behin administrazioan eta baliabide ekonomikoetan egingo dituen txostenak izanda onartuko da: eztabaida publikoa egin nahi da eta Parlamentura eraman. Aurreproiektuaren edukiak gobernua sostengatzen duten lau alderdien sostengua du eta espero dute alderdi gehiago batzea. Uda baino lehen Parlamentuak onartzea espero dute, baina Laparrak adierazi du presa izatea baino hobe dela "ondo egitea".
Isabel Aranburu (Geroa Bai), Asun Fernandez de Garaialde (EH Bildu), Mikel Buil (Ahal Dugu) eta Jose Miguel Nuin (Ezkerra) pozik agertu dira akordioa aurrera atera dutelako.