Zergetan gutxiago
Hitzetik hortzera ibili zen iazatzeraldi ekonomikoa, eta hala dabil oraindik ere. Ogasunek zergetan jasotakoak erakusten du ez zela urte ona izan, 2007an baino gutxiago eskuratu baitzuten Hego Euskal Herriko laurek.
Egungo egoeran eta etorkizunean gerta daitekeena aztertu dituzte Mikel Navarro Euskal Lehiakortasunerako Institutuko ikertzaileak eta Michel Garicoix Baionako IUT unibertsitateko irakasleek. «Dudarik gabe, langabeziak gora joko du, bortizki. Halere, ez da espero behar 80ko eta 90eko hamarkada erdialdeko langabezia tasak errepikatzerik», azaldu du Navarrok. Haren esanetan, orduan Espainia defizit publiko handiarekin eta nahiko zorpetuta iritsi zen krisira. Oraingoan, superabitarekin. Horrek arazoa samurtuko duela uste du.
Iparraldeko egoerari dagokionez, aldaketa demografikoek ekonomian ere eragin handia izango dutela uste du Garicoixek. «INSEEren arabera, 2009 amaieran duela hamar urte baino 40.000 biztanle gehiago izango ditu Iparraldeak. Non biziko dira, nolako azpiegiturak beharko dituzte? Horiek dira2009rako erronkak».
Bizi han, lan ere bai?
Hegoaldeko biztanle askok etxeak Iparraldean erosi dituzten arren, enplegu arloan horrek ez duela eragin handirik izan dio Philippe Arretzek.Euskal Herriko Garapen Kontseiluko eta Hautetsien Kontseiluko zuzendari laguntzailea da, eta Euskal Herriko lan merkatua aztertu du Gaindegiaren txostenerako.
Ondorio nagusi bat atera du. «Oraindik ez da batere ohikoa beste aldean lan egitea». Euskal herritarren gehiengoa zerbitzuen arloan aritzen da. Hegoaldeko lan merkatua eta Iparraldekoa, tradizioz, zeharo ezberdinak dira, ordea. «Iparraldekoek barneratuta duten kultura ez dago ekonomia ekoizlera bideratuta. Industria batzuk badiren arren, oso gutxi dira ikasketa industrialak aukeratzen dituzten gazteak. Ez daude Hegoaldeko ekonomia egiturara oso ohituak».
Era berean, bi administrazio sistema ezberdin egoteak ere mugikortasuna oztopatzen duela gaineratu du. «Antzekotasun kulturalak eduki arren, beste aldera bizitzera joateak bizimodua erro-errotik aldatzea dakar: beste erakunde batzuk; informazioa, lan eskaintzak eta prestakuntza eskuratzeko beste modu batzuk...».
Prezioak jaitsi, denean
Azken urteetan ezberdintasunik erakutsi ez duena etxeen prezioen eskalada izan da. «Etxebizitza libre berriaren prezioak, zazpi urtean, %74 eta %132 artean garestitu dira», azaldu du Irati Susperregi EHUko irakasleak. Aitziber Etxezarreta irakaslearekin batera Euskal Herriko etxebizitza merkatua ikertu du. Hala ere, iaz, joera aldatu eta merkatu egin ziren, zazpi lurraldeetan.
«Etxebizitza publikoaren pisua erlatiboki gehiago hazi da EAEn», dio Susperregik. «1999an, ehun etxebizitza libreko, 80 publiko egiten ziren. 2006an, ehun etxebizitza libreko, 120 publiko». Nafarroan eta Iparraldean joera bestelakoa izan dela dio. «Babestutako etxebizitzen eraikuntza, libreen halako %60tik abiatu eta %40an kokatu da». Iparraldean, alokairu sozialeko etxeen eskaintza libreen %40tik hasi eta %20ra jaitsi da.
Bizi bai, baina nola
Etxeen prezioekin alderatuta, motel hazi dira pentsioak 655.746 herritarren zoritxarrerako. Iñaki Elorriaga, Sandra Barrenetxea eta Iñaki Ruiz de Pinedo soziologoen arabera,Hego Euskal Herriko pentsionistenerdia baino gehiago pobreziaren atalasearen azpitik bizi dira. Iparraldeko datuak erabat zehatzak ez diren arren, batez beste 876,24 euroko saria dute hilean.
«Paradoxa handi baten aurrean gaude», adierazi dute. Haien arabera, bizi itxaropena luzatzea eta erretiro aldiko bizi-baldintzak hobetzea lorpenak izan dira. Halere, horren eraginez, sozialki ezin eutsizko egoerak sortzen direla gaineratu dute.
Gorka Bueno.EHUko irakaslea
«Gas naturalarena epe motz-motzeko apustua da»
M.G. DonostiaEuropako Batasunean, energiaren buruaskitasuna %50 ingurukoa da. Euskal Herrian, batez beste, %7koa. «Energiaren menpekotasun larria dugu», dio Gorka Bueno EHUko irakasleak. Gaiari buruz aritu da Gaindegiaren txostenean.
Zergatik dago hainbesteko ezberdintasuna Europako batez bestekoaren eta Euskal Herrikoaren artean?
Alde batetik, Euskal Herrian erregai fosilen ekoizpenik ez dagoelako. Europan gas naturala, ikatza eta petrolio pixka bat ere badute, hemen ez. Bestetik, Euskal Herria txikia da, biztanle dentsitate nahiko handia du. Energia berriztagarriak ez daude oso garatuta.
Iruditzen zaizu administrazioek ez diotela behar adinako garrantzia ematen menpekotasun horri?
Administrazioen jarrera pixka bat eskizofrenikoa da. Alde batetik, esaten dute berriztagarrien alde egin behar dela, eta aldi berean gas naturalaren aldeko apustu sutsua egiten dute. Nafarroan, adibidez, sorkuntza eolikoa asko hobetu dute azken urte hauetan, baina aldi berean, bikoiztu egin nahi dute ziklo konbinatuen potentzia. Hori kontraesankorra da.
Zein arrisku du gas naturalak hainbesteko pisua izateak?
Epe motz-motzeko apustua da, eta ez da ona. Momentu honetan, energia mota batean soilik ari gara oinarritzen, eta herrialde garatuetan ez da hala. Eusko Jaurlaritzak, 2010erako, kontsumo primarioaren erdia gas naturala izatea nahi du. Munduan, ordea, kopuru hori gainditzen duten estatu guztiak estatu ekoizleak dira. Egoera guztiz ezberdina da. Oraingoz, merkatuan badago gas naturala, baina zer gertatuko da etorkizunean? Arazoak sortuko dira.
Energia kontsumoan ez ezik, azpiegituretan ere Euskal Herriak menpekotasuna du. Zer egin daiteke hori konpontzeko?
Sarearen kontrola kanpoan egoteak arazo larriak sortzen ditu energia politikak ezartzeko. Irtenbidea oso zaila da, baina nik uste dut etorkizunean sare elektrikoan iraultza moduko bat egin beharko dela. Momentu hauetan sare elektrikoa ez dago pentsatuta energia berriztagarrien ekarpen handi bat jasotzeko, erregai fosilak kontsumitzen dituzten zentral teknikoekin lan egiteko dago pentsatuta. Iraultza hori gertatuz gero, beharbada aukera izango dugu gauzak beste era batera antolatzeko. Izan ere, berriztagarrien paradigman irtenbideak beti lokalagoak izango dira.