Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak ere azalpenak emango ditu Nafarroako Kutxaren desagerpenaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren gainean. Otsailaren 5ean hitz egingo du parlamentuan, 09:30etan. Ez dute zehaztu noiz izango diren Enrique Goñiren eta Kontuz-eko kideen agerraldiak, baina talde parlamentarioetako bozeramaileak ados azaldu dira zehazterakoan aurreneko agerraldia Kontuz-ekoena izango dela; "zentzuzkoa" deritzote kutxa kudeatu duena izateari hitz egiten azkena.
NaBaik eskatu du Goñiren agerraldiak ikerketa batzorde baten "antzeko bermeak" izatea, eta, besteak beste, derrigorrezkoa izatea egia esatea eta galdera guztiei erantzutea. Parlamentuak ez du eskaera hori aintzat hartu, eta Patxi Zabaleta NaBaiko parlamentariak nabarmendu du Goñik uko egin diezaiokeela egia esateari.
PSNko parlamentari Roberto Jimenezek azaldu du "denak" daudela egia esatera behartuta, eta ezin dela aurrez uste izan Goñi "gezurra esatera" doanik. Gaiak "ez nahasteko" eskatu du Jimenezek. Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek adierazi du ikerketa batzorde bat tresna "beharrezkoa eta egokia" dela, eta erantsi du "oker" dabiltzala Kontuz-en, Barcinaren eta Goñiren agerraldiekin gaia itxitzat jotzen dutenak.