Gola, gu eta gutarrak

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Real Madril golarekin itsutu da. Kaka eta Cristiano Ronaldo erosteko dirutzak xahutu ditu. Itsutu egin da, Bilbon zaleok, gu, Errege Kopako finalarekin itsutu ginen bezala edota gure indizeak, gutarrak, urteko maximoekin itsutu diren legez. Gola, gu eta gutarrak, itsutuak guztiak. Ezin da esan arrazoi objektiborik dagoenik ekonomiaren bilakaeraz baikor egoteko. Sacyrren akzioak %5 edo Inditexenak %4 pasa irabazi zuten atzo, baina nola eraikuntzak, hala arropa salmentek, ez dute epe laburrean oso itxura onik (Munduko Bankuak dixit). Aurreikuspenek kotizatzen dute burtsan, baina oso azkar hobetu dira martxotik hona; ia 3.000 puntu egin du gora Ibex-35 indizeak (+%0,84) epe horretan eta, jakina denez, fitxaketaren garestiak ez du golik bermatzen. Atzo jai izan zen Madrilen, eta eguna, salerosketari dagokionez, ez zen galaktikoa izan: 1.680 milioiren salerosketa baino ez. Berri makroekonomiko gutxi eta egun lasaia.



Espainiako Bankuak Europakoekin alderatuz eraginkorrago azaldu ohi dira: Banestok (+%1,2) 100 bulego itxi ditu aurten, eta BBVAk (+%0,92) ia 150 ixteko asmoa du. Interes tasa baxuek marjinak estutuko dituzte, eta mailegu kopurua ez da hazten ari.



CNMVk oharra plazaratu du, Santander bankua (+%1,01) saltzen ari den lehentasunezko akzioen ordaina baxuegia dela esanez (Euribor gehi %2 inguru). Deigarria, behintzat, bada beste zenbait erakunderen antzeko jaulkipenekin horrelako abisurik eman ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.