Goldmanek Buffeti dirua itzuli, eta irabaziei eutsi die

2.740 milioi dolar irabazi ditu, iaz baino %72 gutxiago, baina inbertsiogileek espero baino gehiago

jakes goikoetxea
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Wall Streeteko banku erraldoiak krisia gainditzen ari dira, poliki bada ere. Gehienek atzean utzi dituzte erreskate publikoak eta dirua irabazten ari dira berriro. Ez kasino jokaeren ondorioz krisia eragin zutenean bezainbeste, baina bai milaka milioi dolarretik gora.

Goldman Sachs da horren erakusle: guztira, 2.740 milioi dolar irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan (1.900 milioi euro), iazkoan baino %70 gutxiago. Baina kopuru horri Warren Buffeti itzulitako mailegua eta ordaindutako saria kenduz gero, jaitsiera %21ekoa da. Jaitsiera handia, baina Wall Streetek espero baino gutxiago (iazko lehen hiruhilekoa oso ona izan zen Goldman Sachsentzat).

Ameriketako Estatu Batuetako bosgarren bankuko arduradunak pozik daude. Iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehenengora irabaziak %14 handitu dituzte. Inbertsio jardueraren bidez 1.270 milioi dolar irabazi ditu, iaz baino %5 gehiago; inbertsioen kudeaketekin, berriz,1.300 milioi dolar, %16 gehiago. Erakundeei eskainitako zerbitzuetan, aldiz, iaz baino %22 gutxiago irabazi du.

Negozio biribila

Buffetek 5.000 milioi dolarreko mailegua eman zion Goldman Sachsi (3.500 milioi euro), bankua estu zebilenean, 2008ko urrian, Berkshire Hathaway inbertsio funtsaren bitartez. Arriskatu egin zen, Lehman Brothersek porrot egin baitzuen eta bankuak kinka larrian baitzeuden. Diruaren truke Goldman Sachsek lehentasunezko akzioak eman zizkion. Bankuak Erreserba Federalaren estres testa gainditu du, eta zorra kitatu zuen herenegun: Buffeti akzioak erosi egin dizkio eta dibidenduetan 500milioi dolar ordaindu (355 milioi euro).

Oso inbertsio errentagarria izan da Buffetentzat. 500 milioi dolarreko azken ordainketari gehitu egin behar zaio 2008ko urritik interesetan kobratutakoa: 15 dolar segundoro, 900 dolar minuturo, 1,4 milioi dolar eguneko, 1.250 milioi dolar inguru bi urte eta erdiotan.

Beraz, ez da harritzekoa Buffetek inbertsioa bertan behera utzi nahi ez izatea. «Kapitalismoaren Osama Bin Laden bihurtuko naiz eta haitzulo batean ezkutatuko naiz», esan zuen, Goldman Sachseko arduradunek ez aurkitzeko zuen gogoa adierazteko.

Bankuen artean JP Morganek izan ditu emaitza onenak: 5.555 milioi dolar irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iaz baino %67 gehiago.

Citigroupek, Wall Streeteko beste erraldoietako batek, herenegun eman zituen datuak: 3.000 milioi dolar irabazi ditu, iaz baino %32 gutxiago, baina espero baino gehiago. Aintzat hartu behar da 2008tik galerak izan eta erreskatea jaso behar izan eta gero, iaz 10.600 milioi dolar irabazi zituela; 2009an, aldiz, 1.600 milioi dolar galdu.

Bank Of Americak 1.740 milioi dolar irabazi ditu. Urtebetean jaitsiera %35,6koa izan da, hipoteka maileguek eragindako galerengatik. 2.390 milioi dolarreko zuloa eragin diote diru kontuetan, iaz baino 320 milioi dolar gehiago. 1.500 langile kaleratu ditu hipoteken negozioan. Kapital inbertsioekin, aldiz, diru asko irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.