AUTOGINTZA

Golf eta Passat autoak ekoizteari ekingo dio berriz VWek

Volkswagenek akordioa lortu du iragan astean planto egin zioten hornitzaileekin, eta "pixkanaka" berreskuratuko du ohiko jarduera. Ekoizpena eteteak sei plantatako 28.000 langileri eragingo lieke.

VWren Golf eta Passat autoak, Zwickauko lantegiaren atarian. HENDRIK SCHMIDT / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko abuztuaren 23a
12:47
Entzun

Bizkor egin du atzera Volkswagenek. Alemaniako sei plantatan Golf eta Passat autoen ekoizpena etengo zuela iragarri eta biharamunean, ados jarri da joan den astean piezak saltzeari uko egin zioten bi hornitzaileekin, eta amaiera eman dio hala haren historian aurrekaririk ez duen gatazkari. Autogileak iragarri du pixkanaka ekingo diola berriro ere bi modelo horien ekoizpenari, baina ez du zehaztu noiz; akordioaren xehetasunik ez dute zabaldu bi aldeek. Gatazka auzitegietara iritsi da, eta Alemaniako Gobernuak ere esku hartu du: irtenbide azkar batera iristeko exijitu zien atzo, ekoizpena gelditzeak beste konpainia batzuei eragin ziezaiekeela iritzita.

Ostiralean hasi zen Volkswagen Golf modeloaren ekoizpena eteten, Wolfsburgeko lantegi nagusian. Hornitzaileekin zituen arazoak, ordea, berehala hedatu ziren beste lantegi batzuetara. Passat autoa ekoizten duen Endem hirikoak hartu zion lekukoa Wolfsburgekoari, eta bide bera hartu zuten gero Zwickau, Kassel, Salzgitter eta Braunschweigeko lantegiek; pieza eskasiak eta beharginen lanuzteak bultzatuta. Etenaldia astebetez —hilabete bukaerara arte— luza zitekeela adierazi zuen VWek, eta, orotara, 28.000 langileri murriztu beharko liekeela lanaldia.

Zapore gazi-gozoa

Kalte-ordainen kopuruan, halere, korapilatuta segitzen dute bi aldeek. Prevent taldeko Cartrim —aulkietarako estalkiak saltzen dizkio— eta ES Automobilguss —abiadura ontzirako burdin piezak ekoizten ditu— hornitzaileek 59 milioi euroko kalte-ordaina galdegin diote multinazionalari, datorren urterako adostua zuten 500 milioiko kontratu bat bertan behera uztea leporatuta. Hornitzaileek salatu dute VWek "aldebakartasunez" eta "aldez aurretik abisatu gabe" eten duela hitzarmena. Erabakiak kalte handiak eragingo dizkiela ohartarazi dute, dagoeneko moldaketak egin baitituzte haien lantegietan autogilearentzako pieza bereziak ekoizteko.

Alemaniako zenbait hedabideren arabera, aurrerantzean VWek haiekin kontratu gehiago sinatzeko hartutako "konpromisoak" limurtu ditu hornitzaileak. Akordioak, halere, zapore gazi-gozoa utzi du Wolfsburgen, aurrekari arriskutsua ezar baitezake. Pieza faltagatik ekoizpena eteteak etorkizunean bide bera hartzeko atea ireki die gainerako hornitzaileei: orain arte, haiei presio egitera ohituta egon da VW, ekoizpen kostuak murrizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.