Iñigo Cabacasen heriotzaren ostean, Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeko legedia aldatzea erabaki zuen. Astebete lehenago, martxoaren 29ko greba orokorrean, Xuban Nafarrate gaztea larri zauritu zen, sendiak, lagunek eta lekukoek salatu zutenez, hori ere gertutik botatako pilotakada batek jota.
Rodolfo Ares Barne sailburuak jakinarazi zuenez, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera komisaldegietako ertzainek ezin izango dutela pilotak botatzeko eskopetarik erabili, baina brigada mugikorrek eta bereziek, ordea, erabiltzen jarraitu ahal izango dutela, betiere "salbuespen" egoeretan. Aurtengo ekainaren 1etik 2013ra bitarte, gainera, ertzainek "mugatua" dute horiek erabiltzea, Herrizaingo sailburuaren esanetan.
Europako Batasunak gomazko pilotak ez erabiltzera aholkatu du, baina Aresek esan zuen "gezurra" dela gaur egun debekatuta daudenik; gainera, Europako hainbat poliziek ez bezala, Ertzaintzak gasa eta antzeko materialik ez duela erabiltzen azpimarratu zuen.
Bestelako neurriak ere iragarri zituen Aresen udaberrian: tartean, Ertzaintzako kide guztiek identifikazio zenbaki bat eramango dutela ekainaren 1etik aurrera, eta zaurituak eragiten dituzten ekintzak ikuskatzeko talde bat sortuko duela Ertzaintzak.