Googlek Motorola Mobility erosi du, 8.700 milioi euroan

Haren patente guztiak eskuratuta, errazago izango du Apple konpainiaren iPhonerekin lehiatzea

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Google bete-betean sartu da sakelako telefonoen negozioan. Motorola Mobility Holding eskuratu du, Motorolaren telefonoen ekoizlea. 12.500 milioi dolar ordainduko ditu haren truke, 8.700 milioi euro inguru. Orain artean enpresak egindako operaziorik handiena da. Motoralako akziodunek 40 dolar jasoko dituzte akzioko, ostiralean enpresak burtsan kotizatzen zuen baino %63 gehiago. Erosketari esker, Apple lehiakideari aurrea hartu nahi dio Googlek.

Android sistema eragilearen jabe izan arren, aurrera egiteko arazo nagusi bat zuen orain artean Interneteko bilatzaile nagusiaren enpresak: patente falta. Motorola eskuratuta, arazo hori alde batera utziko du. Izan ere, hark zituen guztiak, 17.000 inguru, bere esku geratuko dira. Hain zuzen, patenteak eskuratzeko borroka izan da teknologia enpresen arteko ika-miken arrazoi nagusia azken urteetan.

Android, irekita

Orain dela hilabete pasatxo, Nortel porrot egindako enpresaren lizentziak lortzen ere saiatu zen Google. Ezin izan zuen, eta lehiakide nagusien esku geratu ziren patente haiek; Apple, Microsoft eta Oracleren esku, hain zuzen. Ez du etsi, ordea, eta Motorola eskuratuta, laster izango da Apple konpainiaren iPhonerekin lehiatzeko moduan. Urte amaierarako espero dute egitea salerosketa. Bi konpainiek jakinarazi dute Androidek irekia izaten jarraituko duela, eta beste konpainiek ere erabili ahalko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.