Lehia

"Googlek neurriz kanpo baliatu du bere nagusitasuna"

Multinazional teknologikoak beste enpresei Android sistema erabiltzeko jartzen dizkien baldintzetan gehiegikeriaz jokatu duela ondorioztatu du Bruselak.

Google konpainiari irekitako ikerketaren emaitzak jakinarazi ditu gaur Europako Batzordeko Lehia Agintaritzak. BORIS ROESSLER / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko apirilaren 20a
08:12
Entzun

Bruselako Lehia Agintaritzak jopuntuan jarri du berriro Google erraldoia. Hain zuzen ere, Android sistema eragilearen erabilerari buruz egindako ikerketaren emaitzak jakinarazi ditu gaur Margrethe Vestager Lehia komisarioak. Ondorio argia atera du: onartezinak dira sistema jarri nahi duten telefono eta tablet ekoizleei konpainiak jartzen dizkien mugak eta baldintzak. "Europako Batasunean ez da arazo bat konpainia bat handia izatea, edo merkatuan nagusi bihurtzea, beti ere nagusitasun hori ez badu gehiegikeriaz baliatzen". Munduan erosten diren bost smartphonetik lauk Android sistema erabiltzen dute, eta bilatzaileetan edo sistema eragileetan %90eko merkatu kuota du Europan.

Android sistemari lotutako lizentziak ikertzen aritu da Brusela. Hala, ondorioztatu du aplikazioak jaitsi eta erosi ahal izateko Play Store jarri nahi zuten ekoizleei behartu zitzaiela Google search eta Chrome bilatzailea ere ezartzera. "Ekoizle horiek ez dira libre izan nahi duten bilatzailea paratzeko, eta horrek lehiari kalte egiten dio", azaldu du Vestagerrek. Era berean, lizentzia horiek erabili ahal izateko ekoizleek ezin dutela Androiden bertsio alternatiboak eskaini kritikatu du.

Beste praktika bat ere aurpegiratu dio Lehia Agintaritzak teknologia multinazionalari. Google search bilatzailea esklusiban jartzearen truke, finantza pizgarriak eskaini dizkie enpresak telefono eta internet hornitzaileei.

Europako Batzordeak gaur aurkeztu duen txostena erdibideko urrats bat da prozesuan. Googlek aukera izango du orain alegazioak aurkezteko, eta, nahi izatekotan, audientzia baterako eskubidea du. Konpainia errudun jotzen badu, isunak jartzeko aukera luke Bruselak. "Konponbidea litzateke praktika horiek bertan behera uztea, berrikuntzari eta lehiari kalte egiten ari zaizkiolako", Vestagerren hitzetan.

Ez da Googlen aurka irekita dagoen auzi bakarra. Bilatzailearen emaitzak aurkezteko moduari buruz ere lehiaren aurkako prozesua jarri zuen Bruselak. Uneotan konpainiak aurkeztu zituen alegazioak aztertzen ari dira. 2009. urtetik ari da Europako Batzordea era batera edo bestera aztertzen Googlen praktika komertzialak.

Atzo Googlen aurka irekita zuen antzeko auzi baten parte gehiena ixtea erabaki zuen Kanadak. "Geure lana da bermatzea lehia egon badagoela", ohartarazi du Vestagerrek, horri buruz galdetuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.