Gorringo itzela

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ibex-35 (-%1,72) arrautza balitz, gorringo itzela izango luke; 6.817 puntutan dago, blue chip guztiak red chip bihurtu ostean. Atzo, bi bankuez gain, Edurnezuri (-%2,45) eta Iberdrola (-%2,83) ere gorritu zituzten; 47 eta 18 puntu galarazi zizkioten indizeari, hurrenez hurren. Zuringoa egon badago; baina txikia: atzo Iberiaren (+%9,15) kurrinka ozena entzun zen, British Airwaysekin bat egitear den honetan; baina Santanderrek (-%3,38) 32 puntu kendu zizkion Ibex indizeari, eta Iberiarenak 3,8 eman zizkion. Tamainak asko axola duela, alegia. 2.133 milioiren salerosketa eta azken orduko arnaserako Wall Streeten laguntza izan zen. Dena den, gorringo txikiagoko arrautzarik errungo duen oilorik ez da oraingoz antzematen. Martxoa amaitu ostean irabazien nondik norakoek krisi urtean gaudela baieztatuko dute. Baina batzuk hasi dira hori larrutik nozitzen: Renovablesek eta FCCk %6na pasa galdu zuten atzo, eta Sacyrrek %7,98.



Gas Naturalen (-%1,12) akziodunek gaur onetsiko dute Fenosa (+%0,22) argindar enpresa erosteko 3.500 milioiren kapital hedatzea. Akzio kopurua %50 handitzea eragingo du horrek. Fenosaren erdiaren jabe da, jadanik ACSri (-%2,11) bere zatia erosita.



Jaitsieren alde egiten diren apustuak gero eta gehiago dira. Philip Falcone aberatsaren Harbinger funtsak 325 milioi jokatu ditu Santander eta BBVAren (-%0,43) akzioak jaitsiko direlakoan.0BBVAren kapitalaren %1,09 eta Santanderrenaren %0,42 adinako apustuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.