Gotorleku bitxiak

Iker Aranburu.
2009ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Leku sekretuan sartu ziren atzo Eusko Legebiltzarreko parlamentari batzuk eta (aukeratutako) kazetariak: Ertzaintzako elitezko taldeak entrenatzeko duten egoitzan, Berrozin (Araba). Leku ezkutua dira burtsak ere. 2008ko krisiaren berri izan zuen, bai, baina 2009koaren oihartzuna ez omen da iritsi inbertitzaileen gotorlekura. Atzo, laugarren egunez jarraian urteko markarik onena jarri zuen Madrilgo Ibex 35ek, eta iazko iraileko mailara itzuli da. Antza, ez zaio heldu Espainian langabezia %20,5era igoko dela dioen OCDEren txostena. Langabezia horren arrazoietako bat da eraikuntzak pott egin duela, baina hara non sektore horretako enpresak izan ziren atzoko izarrak: Sacyrrek %2,81 egin zuen gora, OHLk %2,27, FCCk %0,28 eta Accionak %0,26. Agian, AEBei begira ari ziren eraikuntza enpresen akzioen erosleak, han bai etxebizitza merkatua biziberritzen ari dela dirudielako. Izan ere, abuztuan %1,5 hazi zen eraikitzen hasitako etxebizitzen kopurua.



BBVAk Euskal Herriko bulego komertzialik handiena zabalduko du urriaren 19an, Bilboko Kale Nagusiko 12.ean: bi mila metro koadro, 60 langile, 5.400 milioi euroren kudeaketa eta 23.000 bezero hartzeko aurreikuspena.



Ikea ez da sartu Eusko Jaurlaritzak altzari denden negozioa suspertzeko abian jarri duen planean. Ez du beharrik. Altzari ekoizle suediarrak 21.500 milioi euro irabazi ditu aurtengo lehen zortzi hilabeteetan, iaz baino %1,4 gehiago. Krisi garaian merkea garaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.