Tubos Reunidoseko langileek azken hamar egunotan egindako greba bukatutzat jo dute, zuzendaritzarekin akordioa lortu baititute. Langile batzordeak jakinarazi duenez, enpresak agindu du lan ituneko atal guztiak errespetatuko dituela eta langileen ordezkariekin ados jartzen bada hautsiko dituela soilik. Lan itun berria sinatu bitartean zaharra indarrean egongo da, eta zuzendaritzak ez du ezarriko jardunaldiaren banaketa irregularra.
Langileen ordezkariak gustura agertu dira zuzendaritzarekin egindako hitzarmenarekin, baita hamar greba egunetan langileek erakutsitako jarrerarekin ere, ia langile guzti-guztiek hartu dutelako parte mobilizazioetan. Onartu dute oraindik luze joko dutela zuzendaritzarekiko negoziazioek, oinarriak baizik ez dituztelako hitzartu eta lan itunak jasoko dituen guztiak lotzea falta zaielako. «Litekeena da enpresa negoziazioak ahalik eta gehien luzatzen eta hitzarmena atzeratzen saiatzea, baina ez dugu onartuko lan baldintzetan atzera egiterik», ziurtatu dute.
Tubos Reunidoseko langile batzordeak grebara deitu zituen langileak, zuzendaritzak lan erreforma indarrean jartzeko intentzioa zeukalako eta negoziatzen ari ziren lan ituna edukiz hustu nahi zuelako. Tubos Reunidosek 19 milioi euro irabazi zituen iaz, eta, langile batzordearen arabera, aurten aise gaindituko du emaitza hori.
Erregulazioa Kiderren
Kiderreko zuzendaritzak lana erregulatzeko dosier bat indarrean jartzeko asmoa duela jakinarazi die langileen ordezkariei, urteko lehen hilabeteetan eskarian eta lan kargan izan duen jaitsieragatik. Erregulazioak taldeak Euskal Herrian eta Espainian dituen langile guztiei eragingo lieke; 439 laguni, hain zuzen. Hurrengo sei hilabeteetan 45 egunez etxean gelditu beharko dute.
Taldeak lau lantegi ditu Euskal Herrian: egoitza nagusia Murgan (Araba), ekoizpen lantegi bat Amurrion (Araba), beste bat Barakaldon (Bizkaia) eta beste bat Azkoienen (Nafarroa).
Greba bukatu dute Tubos Reunidosen, akordioa egin dutelako
Datozen sei hilabeteetan kontratuak 45 egunez eteteko erregulazioa aurkeztu du Kiderreko zuzendaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu