Greba egin dute Konectan, botatako lankideak berriz hartzea eskatzeko

Enpresak 11 langile bidali ditu lan erreforma aplikatuta, lanaldiaren %20 baino gehiago gaixoaldian egoteagatik

LABeko bi ordezkarik lau egun daramatzate gose greban. BERRIA.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Lan erreformaren ondorioak jasan ditzaketen lehen langileetako batzuk dira Gueñesko (Bizkaia) Konectakoak. Enpresak 11 langile kaleratu zituen martxoaren 1ean, eta beste zazpiri Bartzelonako lantokira joan beharko dutela esan die. Onartu ezean, bota egingo ditu haiek ere. Guztientzat hogei laneguneko kalte-ordaina proposatu du.Iberdrolak azpikontratatutako enpresa da Konecta, haren telefono bidezko bezero arretan arduratzen da.

Bi hilabetean jarraian euren lanaldiaren %20 baino gehiagoan gaixoaldian egon direlako, horregatik kaleratuko dituela langileak adierazi du enpresak. Erabakia salatzeko, greba egin zuten atzo Konectan, ELAk, LABek eta CCOOk deituta —ELAk aste osorako antolatu du—.260 langile aritzen dira enpresan, eta ia guztiek egin zuten bat lanuztearekin.

Era berean, gose greban jarraitzen dute LABeko bi delegatuk, lankideak berriro hartzeko eskatzeko. Gueñesko kultur etxean daude. Sindikatuak jakitera eman duenez, lau egunean lau kilo galdu dituzte,eta neke fisikoa nabari duten arren, protestan jarraitzeko asmoa dute. «Iberdrolako eta Konectako inor ez da jarri eurekin harremanetan zer moduz dauden galdetzeko edo gatazka konpontzeko moduari buruz hitz egiteko».Urte eta erdi daramatza Gueñesen Konectak, eta tarte horretan 80 langile bota dituela azaldu du LABek. EAJri eskatu dio negoziatu ditzala Iberdrolarekin lantegian enplegua mantentzeko baldintzak —alderdi horretakoa da Gueñesko alkatea—.

CCOOk, grebaz gain, elkarretaratzea egin zuen atzo Bilbon Iberdrolaren Dorrearen aurrean, «Gueñesko lantokiko egoeraren arduradun subsidiarioa delako». Ignacio Sanchez Galan presidenteari eskutitz bat ere bidaliko dio sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.