Greba eguneko Poliziaren jazarpena gaitzetsi dute mila herritarrek Iruñean

Gobernuko ordezkari Carmen Albari kargua uzteko eskatu diote, polizien oldarraldiak 15 zauritu eragin zituelako

Iruñeko atzoko manifestazioan polizia asko zegoen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Poliziak atzetik, poliziak aurretik, eta hainbat bidegurutzetan poliziak alde guztietan. Espainiako polizien begiradapean egin zuen aurrera atzo eguerdian Iruñeko manifestazioak. Hain zuzen ere, bereziki espainiar poliziek eta foruzainek irailaren 26ko greba egunean erabilitako bortizkeria salatu nahi izan zuten manifestariek. Nahiz eta manifestazioak aurrera egin ahala poliziek kaskoak jantzi eta eskuetan euren eskopetei heldu, istilurik ez zen izan. Mehatxupeko lasaitasuna izan zen.

Protesta apur bat berandu hasi da Gastu poliziala eskola eta ospitaleentzat; utzi bakean langileria lelopean. Manifestazioko buruan, pankartari helduz, irailaren 26 kolpatuak izan zirenetako batzuk joan dira, besteak beste, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua eta Espe Iriarte LABeko ordezkaria. Vinculo plazan hasi eta Corte Inglesen paretik igaro ostean, Nafarroa Behereko etorbidea hartu du. «Ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar», «polizia gutxiago hezkuntza gehiago», «bai, bai, badago konponbidea: Barcinak dimisioa ematea eta bankariak espetxera», eta antzeko leloak oihukatu dituzte manifestariek. Era berean, grebaren aldeko oihuak entzun dira.

Espainiako Gobernuko ordezkaritzatik igarotzean, polizia ugari egon da inguruetan. Guztiek kaskoa buruan zutela, eta zenbait, eskopetei helduz. Egoitzaren ondoan amaitu da manifestazioa, Karlos III.a etorbidean.

Manifestazio amaieran, Imanol Karrerak Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariari idatzitako gutuna irakurri du ozen. Lehenik eta behin, greba eguneko 24 gertaeratan langileen eskubideen aurkako hainbat urratzeren berri eman du. Horrez gain, lan ikuskaritzan salaketa jarria dute Volkswagenen eta beste enpresa batzuen aurka, grebalariak ordezkatzeagatik, eta beste hamabost salaketa jarri dira foruzainen eta polizien erasoengatik. Iñigo Cabacasen heriotza gogoan, bereziki larritzat jotzen dute Nafarroan poliziek oraindik ere gomazko pilotak jaurtitzea. Irailaren 26ko zaurituen artean larriena Atarrabiako gazte bat da: «Uneotan ikusmena galduta du, eta medikuek oraindik ez dakite berreskuratuko duen edo ez».

Karrerak gogora ekarri duenez, asteon foruzainek hainbat gazte atxilotu dituzte, eta «Sarasaten Foruzaingoak berak egindako oldarraldiaren ondorengo istiluetan parte hartzea» egozten diete. «A zer paradoxa: gertaerak eragin zuena arduratzen da ikerketaz. Horrela ezinezkoa da justizia egitea», esan du Karrerak. Atzo, hain zuzen, aste honetan atxilotutako sei lagunei desordena publikoa eta atentatua egozten dietela azaldu zuen Nafarroako Gobernuak. Beste bi laguni, berriz, «erresistentzia larria» leporatu diete.

Gutunean, Poliziak erabilitako indarkeriaren kontra ezer ez egitea leporatu diote Albari. «Zergatik ez duzue esku hartzen gertaera horiek argitzeko?», galdetu du Karrerak.

Gomazko piloten debekua

Espainiako Poliziako eta Foruzaingoko goi kargudunek erantzukizunak hartzeko eskatu dute: «Has zaitez zuregandik, Alba anderea, eta dimiti ezazu». Era berean, Nafarroan gomazko piloten erabilera debekatzeko exijitu du, «pertsonen bizitzako eta osotasunerako arrisku bat direlako». Gainera, gogora ekarri du poliziek jaurtitako hainbat pilotaetan eskuz Espainiako oroitzapena idatzita zegoela. «Hori espero dugu, Nafarroan jazarpen espainiarra oroitzapen txar bat izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.