Azken hilabeteotan gauez soilik irekitzen dute Forondako aireportua, merkantzien garraiorako. Egunez ere ireki izan dute noizean behin, hegaldi bereziak daudenean. Azken asteotan, esaterako, Imsersok erretiratuentzat bidaiak antolatu ditu Arabako aireportutik. Egoera horretan aireportua kolokan dagoela uste dute langileen ordezkariek, eta presio egiteko greba mugagabera deitu dute, hilaren 25etik aurrerako.
Aireportuaren kudeatzaileak, Aena sozietate publiko espainiarrak, jarrera itxia duela ziurtatu dute langileek, eta ez duela ezer negoziatu nahi. "Onartezina da aireportuko zuzendaritzak ez negoziatu nahi izatea, beti oso malgu jokatu dugulako, eta horri esker egunez hegaldi batzuk egon dira, nahiz eta langileak soilik gauerako kontratatuta dauden".
Langileen ordezkariek uste dute Aenak bere ardura batzuei muzin egin diela, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren esku utzi duela urtean zehar bidaiarientzat hegaldi erregularrak bilatzeko ardura. "Aenak hondoratu nahi ditu instituzioen eta eragile ekonomiko eta sozialen ahaleginak Foronda bideragarri izan dadin", ziurtatu dute. "Madrilgo zuzendaritzaren interesak lehenesten ditu".