ekonomia

Greba mugagabeari ekin diote Corrugados Azpeitia enpresako langileek

60 lagunen kaleratzeak salatuko dituzte. Enpresak lana erregulatzeko espedientea ireki nahi die beste 245 beharginei, soldata %35 murriztu eta urteko lanaldia 49 ordu igo.

2012ko ekainaren 18a
17:07
Entzun

Corrugados Azpeitia enpresako langileek greban segituko dute, beste 60 lagunen kaleratzeak salatzeko. Hasiera batean, ostiralera artean ziren lanuztea egitekoak, astebeteko greba eginez, baina gaur erabaki dute ostiraletik aurrera ere hala jarraitzea, LAB eta ELA sindikatuek eginiko deiari erantzunez.

60 langile kanporatzeko erabakiaren batera, Corrugadoseko Gallardo taldeak lana erregulatzeko espediente bat ere jarri nahi du, sindikatu haiek diotenez. Neurri horrek urte amaiera arte iraungo luke, eta enpresan geratzen diren 245 langileei eragingo lieke. Horrekin batera, soldataren %35eko murrizketa eta urteko lanaldiaren 49 orduko igoera ezarri nahi diete.

Corrugados Azpeitiak aurreko hilabeteetan beste ehunen bat langile kaleratu izan ditu.

Langileek egunero elkarretaratzea egiten dute lantokiaren aurrean. Gaur, 190 lagun inguru elkartu dira. Horrez gain, bihar 10:00etan elkarretaratzea egingo dute Azpeitian, Olatz plazan, eta ostegunean 11:00etan Donostian, Lan Delegazioaren aurrean.

Kaleratze horiek kolokan jarriko lituzkete urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gallardo taldeari emandako laguntzak. Jaurlaritzak bost milioi euro utzi zizkion maileguan, ordainketak eten beharrik izan ez zezan, 2016ra arte 305 lanpostuei eusteko baldintzarekin. Diputazioak, berriz, 2011. urteari zegozkion zerga ordainketak atzeratzeko eta hurrengo urteetan egiteko aukera eman zion, baldintza bera betetzearen truke. Jendea kaleratzen badu enpresak dirua itzuli egin beharko duela uste dute ELAko eta LABeko ordezkariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.