Asteon ekin diete lanuzteei Kaiku Km0ko beharginek —lehengo Sociedad Distribuidora Alimentaria—, enpresaren enplegu politikari aurre egiteko asmoz. Prekaritatearen eta ABLE aldi baterako laneko enpresaren "abusuzko erabileraren" kontra borrokatzea dute helburu. Kaiku Km0k izen bereko produktuak banatzen ditu, eta, gaur-gaurkoz, 30 langile zuzen ditu, hornitzaileen behin-behineko hamabost laguni enplegua emateaz gain. Gasteizen du lantegia, Jundizko industrialdean.
Kaiku taldeko enpresa horrek lau milioitik gorako irabaziak izan zituen iragan urtean, baina ELAk salatu du ez dela hein bereko jarrera izaten ari: "Langileak nazkatuta daude salaketa bidez aldi baterako kontratuak murriztu eta lantaldeko bihur ditzaten lortzeaz, edota auzitara jo behar izateaz antzinatasuna aitor diezaieten". Grebarako eskubidea oztopatzea leporatu diote konpainiari, grebalariak ABLEko langileekin eta administraziokoekin ordezkatu dituztelakoan. "Legez kanpokoa da", gogorarazi dute langileek.