Portugal

Greba orokor batera deitu dute gobernuaren azken murrizketen aurka

Zergak "izugarri" handituko dituela iragarri du Passos Coelhoren gobernu kontserbadoreak, eta CGTP sindikatu nagusiak greba orokorrarekin erantzun du berehala. 

xabier martin
2012ko urriaren 3a
21:08
Entzun

Duela bi aste langileen soldaten Gizarte Segurantzaren kontribuzioen neurria atzera bota zuen Portugalgo lehen ministroak presioari eutsi ezinda. Neurri hori ordezkatuko duten beste hainbat ezarriko ditu, ordea. Ondasunari eta kapitalari zergak handituko dizkie; besteak beste, dibidendu eta interesak jasotzegatik gehiago ordaindu beharko da, eta milioi bat euro baino gehiago balio duten etxeak dituztenentzako zerga berri bat egongo da. Errenta zergaren pisua %9,8tik %13,2ra igoko da. Igoera askoz ere handiagoa izango dela kalkulatu du jadanik Portugalgo  prentsak. Finean, 2014 arte 4.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Coelhok, soldaten jaitsieraren bidez lortu nahi zuen kopuru bera.

Troikak gertutik zaintzen du Portugalgo defizita, 2011ko maiatzean 70.000 milioi euroko erreskatea eman eta gero. Defizit hori %5ean ezarria dauka, irailean %0,5 arindu ostean. Baina hori ere ez zuela beteko aurreikusi du gobernuak (%1,2 gehiagorekin bukatuko zuen urtea), eta murrizketa gehiago egin beharrean dagoela dio, nahi eta nahi ez. 

Mobilizazioek egunotan ez dute etenik izan ia, hiri handietan, Porton eta Lisboan esaterako, eta orain, berriz, greba orokor batera deitu du sindikatu nagusiak, CGTPk; azaroaren 14rako antolatu du. Aurtengo martxoan egin zuten azkenekoz greba orokorra Portugalen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.