Martxoaren 4ean hasi zuten greba mugagabea Berriz eta Abadiñoko Mendiguren y Zarraua plantetako langileek. Besteak beste, zuzendaritzak erabakitako soldata jaitsierak kentzea nahi zuten (%8 eta %15 artekoak); "baina ez hori bakarrik", dio Luis Torres ELA sindikatuko ordezkari eta langileak. "Ultraaktibitatea, enpleguari eusteko neurriak, adostutako neurriak errespetatzeko konpromisoa eta mugikortasun geografikoa mahairatzen ari gara", azaldu du. Mediguren y Zarrauak plantak ditu atzerrian, eta beldur dira mugikortasunaren aldagaia aitzaki hartuta langileak zigortzea; "horregatik sartu dugu negoziazio mahaian".
Enpresa zuzendaritzak atzo jakinarazi zien soldata jaitsierak erretiratuko zituela, greba bertan behera uzten bazuten, "baina ez zituzten beste puntuak aipatu, eta grebak aurrera jarraitzen du". ELA, LAB eta CCOO sindikatuek babesten dute greba; UGTk ez.
"Zergatik ez digute orain arte batzar batera deitu?", galdetu du Luis Torresek. Langileek badakite enpresak presio handia daukala, bere hornidurak behar dituztelako beste hainbat enpresatan, tartean Gasteizko Mercedesen. Mercedes eta beste hainbat, txanda batzuk kentzeko arriskuan dira, ekoizpenari eusteko gaiak falta dituztelako jadanik. "Gaur normaltasunez ari gara, eta bihar goizean ere normalatasuna bermatuta dago. Arratsaldean ekoizpenak jarrai dezan lanean ari gara logistika taldearekin irtenbideak bilatzen", esan dio kazeta honi Mercedesko komunikazio arduradun Marijo Ortiz de Zaratek.
Mendiguren y Zarrauan, ordea, soldata ez da arazo bakarra. "Gezurra da guk bakarrik sodata jaitsiera kentzeko eskatzen dugula egunkari batzuetan azaldu den moduan; hasieratik mahairatu genituen lau-bost puntu horiek, jakinda gaur egun lan hitzarmen oso bat lortzea ia ezinezkoa dela".
Akordiorik ez dago, beraz, momentuz Mendiguren y Zarrauan, eta grebak aurrera jarraitzen duen bitartean arazoak pilatzen joan daitezke haren piezak behar dituzten autogintzako beste hainbat enpresatan.