NAFARROA

Grebak Nafarroa iparraldean izan duen jarraipena nabarmendu dute

Bortzirietan, Sakanan, Baztanen eta Leitzaldean izan du eragin handiena grebak; apalagoa, aldiz, Estellerrian eta Erriberan. Poliziak hamalau pertsona atzeman ditu. Bideoa: Pikete bat Iruñeko Alde Zaharreko azokara sartzen. [YouTube]http://youtu.be/2K_X-o3qwpE[/YouTube]

2012ko irailaren 26a
08:15
Entzun

ELA eta LAB kontent agertu dira goizean grebak Nafarroak izan duen jarraipenarekin. Iparraldean zabala izan da, batik bat Bortzirietan, Sakanan, Leitzaldean eta Baztanen. Iruñerrian eragina desberdina izan da, eta LABek salatu du langileek presio asko jasan dituztela gaur lanera joateko. Beran manifestazioa debekatu egin dute, eta Guardia Zibilak kargatzeko mehatxua egin die herritarrei. Estellerrian eta Erriberan apalagoa izan da jarraipena.

Erakundeetako ordezkariek "normaltasuna" izan dela nabarmendu dute. Horrekin bat egin du CEN enpresarien elkarteak ere; "porrota" izan da greba, haren esanetan. Patronalak esan du Sakanan izan dela parte hartze handiena, baina %33tik ez dela pasatu han ere. Metalean jarraipena %5ekoa izan dela nabarmendu du. Volkswagenen, goizeko txandako 2.000 langileetatik 177k jo dute grebara.

Alor publikoan parte hartze zabala izan dela azaldu dute sindikatuek, eta bereziki gogoan hartu dute hezkuntzan izandako jarraipena. Gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla ohartarazi dute. Iruñeko autobusen adibidea jarri dute: hamar autobusetik sei daude gutxieneko zerbitzuetan. Udal batzuk itxita daude herrialde horretan, batik bat iparraldean. Egoera hori izanda, lortutako babesarekin pozik hitz egin du ELAk: "Gaur frogatuta geratu den bezala, sindikatu baten zilegitasuna kalean eta tokian tokiko lantegietan dago, ez beste edonon: ez gobernuekiko harremanetan ezta patronalekin egindako hitzarmenetan ere".

 

Hamalau atxilotu

Goizean zazpi lagun atzeman ditu Poliziak Nafarroan: bat Atarrabian eta sei Iruñean. Eguerdi ondoren, ordea, istilu handiak izan dira manifestazioaren ondoren Iruñean. Sarasate pasealekuaren inguruan manifestarien aurka oldartu da Polizia; gas poteak-eta jaurti ditu. Hainbat gaztek botilak eta harriak bota dizkiete poliziei. Beste zazpi pertsona bat atxilotu dute, eta zaurituak hiru behintzat badira.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du erasoak izan direla Altsasun, Leitzan, Berriozarren, Lizarran eta Basaburuan.

Piketeak PP, CAN eta BBVAren egoitzen aurrean bildu dira. Santander bankuaren egoitzara piketetako lau kide kateatu dira. Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak aurre egin die poliziei. Ateak Ireki atariak salatu dutenez, Poliziak kargatu egin du eta kolpatu egin dute Cuadra. 

[YouTube]http://youtu.be/uw9KvrHB5nI[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.