Azken urteetan galdutako erosteko ahalmenaren itzalean negoziatzen aritu dira Lantegi Batuak Fundazioko langile batzordea eta zuzendaritza, baina negoziazio horiek ez dute emaitzik eman, eta 2.000 langile inguruk lan itun berririk gabe jarraitzen dute. Abenduaren 31n erori zen aurreko hitzarmena. Egoera horren aurrean, grebara deitu ditu batzordeak langileak. Biharko mobilizazio egunean manifestazio bat antolatu du batzordeak, halaber, Bilbon.
"Lantegi Batuak Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta elbarritasunen bat duten pertsonei lan egiteko kalitatezko aukerak ematea du helburu", gogoratu du batzordeak, ohar batean. "Negoziazio gogorretan hamar hilabetez jardun ostean", zuzendaritzak igorri dien azken eskaintza, urrian, "eskasa eta zekena da". "Fundazioaren diru-emaitzak onak dira, baina eskubide sozialetan ez dugu aurrera egiten".
Lantegi Batuak Fundazioko batzordeak dio langileek ez dutela onartuko galera gehiagorik erosteko ahalmenean, eta gainerako lan baldintzetan ere zer hobetu handiak daudela. "Ez dugu onartuko gure soldata igoerak Fundazioaren azken emaitzekin lotzea, zuzendaritzako postuak hitzarmenetik kanpo ugaldu baitira; eta horren ondorioz, 2018. urtean gehiago saldu arren, etekinak gutxitu dira 2017. urtearen aldean".
Hala, zuzendaritzak urritik erantzun berririk eman ez duenez, bihar bertan greba egingo dute Lantegi Batuak fundazioko langileek, eta manifestazioan aterako dira Bilboko Jesusen Bihotzaren plazatik Aldundiaren jauregiraino, 12:00etan.