Lan gatazkak

Grebara deitu dute ELAk eta LABek Gipuzkoako metalgintzan, hilaren 24rako

CCOO eta UGT sindikatuak batzarrak egiten ari dira uneotan greba deialdia aztertu eta bat egingo ote duten ala ez erabakitzeko. 50.000 langile baino gehiago daude metaleko ituna  berritzeko zain, baina blokeo egoerak ez du etenik azken hilabeteetan.

xabier martin
2013ko maiatzaren 13a
19:32
Entzun

Lan erreformak finkatu duen D eguna gero eta gertuago dago: uztailaren 7a. Ordurako lan itunen ultraaktibitatea amaituko da, eta hitzarmenik gabe geratzen diren langileak kinka larrian geratuko dira, Espainia mailako itun zabalen barruan akaso, edota langilearen estatutuaren  gutxieneko babespean.

Metalgintzak 50.000 langile baino gehiago ditu Gipuzkoan, eta sektoreko itunaren negoziazioa ez atzera ez aurrera dago aspaldian; negoziazio mahaia ez da batzartu apirilaren 9tik. Adegik garbi utzi du behin eta berriro "indarrean dagoen legedia" hartu nahi duela oinarri edozein negoziazio egitekotan; alegia, lan erreforma bere alde jarri dituen kartei ez diela uko egin nahi, eta horregatik patronalaren eskaintza argia da: soldatak izoztu eta lanaldian "malgutasuna" txertatu. Hortik aurrera, ez dago prest sindikatuek eskatzen dituzten erreformaren aurkako klausulak onartzeko, ez ultraaktibitatearen aldekoa ez adostutakoa betetzeari uzteko ezintasunaren aldekoa.

Azken asteetan sindikatuek igorritako mezuek islatzen zuten greba deialdia ez zegoela urrun. LABek aurreko astean berretsi zuen lanuztera deituko zuela; data falta zen. Hilaren 24rako deitu du azkenean grebara Gipuzkoako metalgintzan, greba orokorrerako deialdiaren eguna baino zazpi egun lehenago (maiatzaren 30a). ELAren erantzuna baiezkoa izan da. Atzo bertan bat egin zuen deialdiarekin. "Greba beste urrats bat izango da Rajpyren erreformaren aurkako borrokan", esan zuen ohar baten bidez. "Probintzia-hitzarmena erreferentzia ona izan behar da metalgileentzat, eta horrekin batera Rajoyren erreformaren aurkako benetako blindatzea lortzen aurrera egin behar dugu: enpresa mailako hitzarmenak, horretarako berariaz prestaturikoak".

CCOO eta UGT sindikatuek greba deialdiarekin bat egingo ote duten ez da ezaguna oraindik. Batzarrak egiten ari dira gaur goizean, deialdia aztertu eta erantzunak prestatzeko. CCOOeko iturriek esan dute sindikatu horretan "hiru lurraldeetarako planteatzen zela" greba deialdia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoari erreparatuz. Gipuzkoarako soilik da, ordea, deialdia. UGTk ere eguerdi partean dauka bilera hilaren 24rako deialdia aztertzeko. Edonola ere, Paco Antunez sektoreko arduradunak BERRIA-ri esan dionez, "greba hiru lurraldeetan egitea" eskaintzen dute; "hori da gure eskaintza ELA eta LABentzat". Gipuzkoarako deitutako greba egunari buruz "bihar bertan" erabakiko dute, "sektoreko ordezkariek egingo duten bileran". Antunezen ustez, CCOO, UGT eta LAB "ados dira zati handienean". Hirurek "plataforma bat" osatzeko deia ere egin du. ELA beste estrategia batean kokatu du: "Enpresaz enpresa doa eta gu ez gaude ados horrekin. Uste dugu negoziazio kolektiboa askoz garrantzitsuagoa dela, denei ematen dielako babesa".

LABen deialdia "ahalik eta erantzun irmo eta batuagoa" ematearekin dago lotua. Jon Ander Goñi metalgintzaren ataleko arduraduna "baikor" da beste sindikatuek hartuko duten erabakiekin. CCOOk sektoreko %16 ordezkatzen du Gipuzkoan, eta UGTk %6. ELAk, berriz, sektoreko %44 ordezkatzen du, gehiengo. LABek berak %30 dauka. Beraz, Gipuzkoako metalgintzaren ordezkaritza sindikalaren %74k deitu du dagoeneko grebara, eta gainontzekoak luze gabe erantzungo du.

"Uztailaren 7tik aurrera hitzarmenik gabe geratzeko arriskuan gaude", dio LABeko kide Goñik; "eskubiderik gabe, babesik gabe gera gaitezke, eta hoti dena Adegik duen jarrerarengatik". Lan erreforma "porrot handi bat" izan dela uste du Goñik, eta erreforma hori bera eraman nahi duela itunera Adegik. "Enpresari asko baztertzen ari dira erreforma, euren arazoak ez dituela konponduko jabetu direlako".

Adegiri jarrera "maximalistak" alde batera uzteko eskatzen dio LABeko kideak. "Ez dugu legearen aurkako ezer eskatzen, beste sektoretan sinatu dena baino ez, adibidez papergintzan". Adegiren hausnartzeko eskatzen dio, eta pentsatzeko "zuzena ote den 50.000 langile lan hitzarmenik gabe uztea".

Gainontzeko lurraldeak

Gipuzkoa bakarrik ez, Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan ere egoera berean daude metalgintza sektoreko langileak. Negoziazioa blokeatua dago, eta patronalen eta sindikatuen arteko arrakala zabala da oso Araban zein Bizkaian. Nafarroan akordio oinarri bat lortu zuten aldeek urtarrilean, baina gaur gaurkoz ez da hitzarmenik sinatu, eta airean dago Nafarroan ere metalgintzako langileen ituna. Bizkaian 55.000 langilek dihardute metalgintzan; Araban 12.000; eta Nafarroan 36.000 langile. Guztira, 153.0000 langile aritzen dira metalgintzako sektorean Hego Euskal Herrian. Denak daude lan itunak berritzeko zain, eta begiak uztailailaren 7an jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.