Grebatik bueltatu, eta oporretara bidali

Orain dela bost hilabete eta erdi hasitako lanuzte mugagabea amaitzea erabaki dute Laminaciones Arreguiko langileek, baina enpresak ez die lanera itzultzen utzi nahi oraingoz, antolakuntza arrazoiak argudiatuta.

Laminaciones Arreguiko langileak zinpeko zaindariekin lehian, lantokira sartu ahal izateko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Lanuzte mugagabea amaitutzat jo eta lanera itzultzeko asmoa zuten atzo Laminaciones Arreguiko beharginek. Gutxienez, grebarekin bat egin ondoren honezkero enpresak kaleratu ez dituenak. Lantokira itzultzeak ez du esan nahi lan gatazka amaitu denik, ordea. Zuzendaritzaren beste negoziazio fase bat hasteko keinu modura ulertzen dute sindikatuek. Baina protestak jarraitu egingo duela argi geratu zen atzo.

Bost hilabete eta erdi pasatu dira greba abiatu zenetik. Maiatzaren 8an izan zen. Egun bat geroago, Araban dituen bi lantegiak itxi eta 358 langile kalean utzi nahi zituela jakinarazi zuen enpresak. Mehatxuaren erdia bete du: irailera arte, 178 langile kaleratu ditu. Haatik, kaleratzeak justifikatzeko erregulazio eskaeraren aurkako salaketa jarri zuten langileen batzordeak eta ELA sindikatuak, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien orain dela hamar egun: Laminacioneseko jabeak, Celsa Atlanticek, grebarako eta askatasun sindikalerako eskubideak urratu ditu, epaileen ustez.

Epaia ez da irmoa, baina justiziak erabakitzen duen bitartean, lanuztea bertan behera uztea erabaki zuten langileek. Enpresak oraindik kaleratu ez dituen eta protestarekin jarraitzen zuten35 langile geratzen ziren. Produkzioko beste ehun bat langilek lanean jarraitu dute. Kalean zeudenek ez zuten inolako gogorik lanera isilean sartzeko, eta lantokiraino joateko manifestaziora deitu zuten atzo goizerako.

Gasteizen esanahi historiko handia duen lekua aukeratu zuten grebalariek martxa abiatzeko: Martxoaren Hiruaren plaza, 1976. urtean Poliziak elizan batzartuta zeuden bost langile hil zituen lekua. Aurrealdeko pankartaren leloak — Borrokak aurrera jarraitzen du— argi utzi zuen zein zen grebalarien gogoa. Lankideak ez ezik, sindikatuetako ordezkariei eta gizarteari mobilizazioan parte hartzeko deia egin zien batzordeak. Manifestazioan, Arabako Bilduko zenbait batzarkidek parte hartu zuten, Gorka Ortiz de Guinea bozeramailea buru.

Tentsioa sarreran

Zaramaga auzotik Betoñuko industrialdera doan bidea hartu zuen mobilizazioak. Ezohiko irudia zen lantokien artean manifestazioa ikustea. Ibilbide guztian oihuka aritu ziren bildutakoak, eta kaleratuak berriro hartzeko eskaera nagusitu zen. Laminaciones Arreguiko lantokira hurbildu ahala, ozenagoak bihurtu ziren oihuak. Umorea ere ez zuten galdu. «Hori da Ali Babaren kobazuloa», esan zuen manifestari batek, lantegiko pabilioiak ikusi orduko.

Lantegiko sarreran zinpeko bi zaindari eta segurtasun arduraduna zain zituzten manifestariek. Martxa gelditu gabe, aurrera jo zuten, guardek pankartari eta jendeari eusteko egiten zituzten ahaleginak gaindituta. Horrek tentsio uneak sorrarazi zituen, baina lantegiaren ate aurreraino iritsi zen manifestazioa. Batzordeko kideek idazki bat utzi nahi zuten bulegoetan, baina atean berriro ere liskarra hasi zen. Segurtasun arduradunak ohartarazi zien manifestazioa desegin arte ezin zirela sartu. Animoak berotu zituen eztabaidak, baina, azkenean, enpresari negoziatzea eskatzen zion agiria entregatu zuten batzordeko kideek. «Espero dezagun negoziazio prozesu bat hasi eta auzi hau bururaino eramateko gai izatea», azaldu zuen ondoren Nando Anguiano batzordeko presidenteak.

Lanera itzuli nahi zutenen txanda zen. Txalo artean, giza baliabideetako arduradunarekin biltzera abiatu ziren. Manifestazioa segituan desegin zen. Enpresak ez zien grebalariei helburua betetzen utziko, ordea. Antolakuntza arrazoiak argudiatuta, hilabeteko oporraldia hartzera behartu nahi ditu, eta ez die oraingoz lanera bueltatzen utzi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.